Itzuli

Eraginkortasun eta legezkotasun printzipioari eutsiz, Nafarroari i+g+b eskumenaren transferentzia egitea eskatu du Geroa Baik

Koldo Martínezek 34 zuzenketa aurkeztu dizkio Estatuko Aurrekontu Orokorrei, horien artean Iruñearentzako inbertsioak nabarmenduz, esaterako Sanduzelaiko biribilgunerako, Trinitarioen zubirako edo Osasun Zientzien eraikinerako

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Geroa Baik iazko Estatuko aurrekontu orokorrei aldeko botoa ematearen truke Gobernu zentralarekin egindako akordioan honek konprometituriko ekintzen betetzearen balorazioa egin du Koldo Martínez senatari autonomikoak.

    Horrela, Martínezek gogorarazi duenez, adostutako sei ekintzak exekuzio fasean daude edo aurrekontu partida jada ezarria dute, eta osotara 17 milioi euro baino gehiagoko balioa dute ekintzek, honakoak izanik: 5,3 milioi Atarrabian uholdeak murrizteko lanen finantzaketarako, 5.200.000 euro baino gehiago Zangozatik Eguesibarreraino joango den Iratiko bide berdearentzako, beste 4.100.000 euro Lodosatik Bilbora norantzan AP-68 autobidean irteera eraikitzeko, 2 milioi konprometiturik Eraikuntzaren Industrializazioaren Zentro Nazionala Iruñean eraikitzeko; 300.000 Erriberriko Gazteluaren argiztapen berrirako eta beste 300.000 Hormigoizko Mugak izena daraman proiektu memorialistikoarentzako.

    2023 urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren Proiektuari dagokionez, Martínezek azpimarratu duenez, “iaz egin zen moduan, Nafarroarentzako inbertsio berriak negoziatzeko eta adosteko” aukera izatea espero du.

    Horrela, senatari autonomikoa 34 zuzenketa aurkeztu ditu, alor ezberdinetara eta Nafarroako eskualde eta udalerri ezberdinetara bideratuak. Besteak beste, zuzenketetan Iruñeko, Tafallako, Zizurko eta Sesma-Alloko bide azpiegituretan hobekuntzak proposatzen dira.

    Iruñearentzako, zehazki, Koldo Martínezek azaldu duenez “bizilagunen bizitza baldintzatzen duten bi lan daude”. Horietako bat Sanduzelaiko biribilgunea da, auzoa lau zatitan banatzen baitu eta berehalako ekintza egitea eskatzen du. “Auzoaren eskakizuna da eta gehiago ezin duela itxaron uste dugu”, ziurtatu du. Horretarako 3.000.000 euroko zuzenketa bat aurkeztu du.

    Nafarroako hiriburuarentzat ere, senatariak proposatu du Estatuak Trinitarioen zubi berria eta Lau Haizeak biribilgunea finantzatu ditzan, 16 milioi euroko kostuarekin, horrela “gaur egun sortzen diren botila-lepoak ekidinez”.

    Bestalde, 5.000.000 eskatu ditu Iruñean Osasun Zientzien Fakultatearen eraikuntzarako, bai eta landa eremuko udalerrietan eskola zentroak eta aukera ekonomikoak hobetzea ere. Beste zuzenketa batzuetan, Nafarroako udalerri txikietako bizi baldintzak eta ekipamenduak hobetzearen alde egin du Koldo Martínezek.

    Halaber, Foruaren Hobekuntzan jasotzen diren transferentziak betetzearen alde Geroa Bairen apustua azpimarratu du Koldo Martínezek, koalizioak behin eta berriro eskatu duena alegia. “Eta aurten, Sánchezek Uxue Barkos lehendakariarekin konprometituriko Trafikoaren transferentzia behin bideratu dela dirudienean, I+G+B-ren behin betiko transferentzia burutzea eskatzeko zorrotzak izango gara”, azaldu du Martínezek.

    Geroa Baiko senatariaren arabera, “ikerketa zientifiko eta teknikoan bere posizionamendua hobetzeko oso lan garrantzitsua egiten ari du Nafarroak, oso emaitza onekin gainera. Eta Estatuak baliabideak askatzeko garaia da jada, Hitzarmen Ekonomikoaren bitartez, zientzialari eta enpresen beharrizanetatik gertu egon behar duen lan hori, hori burutu behar duen eskuetan egon dadin, eraginkortasun eta legezkotasun printzipioari eutsiz gainera, eta hori Nafarroako Gobernua da”.

    Barkosek azaldu duenez, transferentziak Nafarroaren “ahalmen araugilea handituko luke”, eta “garrantzia berezikoa” den eta “oso kalteturik zetorren” gai honi dagokionez azpimarratu du “bultzada berezia” jaso duela pasa den legegintzaldian eta egungoan ere. “Foru erakundeetatik esfortzua burutzen ari dugu baina tresna guztiak gure eskuetan edukiz egin nahi dugu esfortzu hori”, azaldu du.

    Bere iritziz, transferentzia hau “funtsezkoa da Nafarroaren etorkizunerako, erronka oso serioekin datorren etorkizun bat eraikitzeko”, eta gainera, “erne egoteari utzi ezin dion autogobernuaren defentsaren baitan”. “Prozesu luzea izango da, hala baitira transferentzia prozesuak, baina ez Trafikoaren transferentzia bezain luzea”, azpimarratu du, gaineratuz “autogobernuak ezin diola erne egoteari utzi eta parlamentuan ordezkaritza dugun formakuntza politikook defentsa horretan oso erne egotera beharturik gaude”.

    ATARRABIAN UHOLDE ARRISKUA MURRIZTEKO 5,3 MILIOI

    Mikel Asian Atarrabiako Geroa Baiko zinegotziak bere poza agertu du Atarrabian uholde arriskua murrizteko lanen finantzaketarako pasa den asteartean Ministroen Kontseiluak onartutako 5,3 milioiekin. Iazko Uholdeek gune hau kaltetu baino egun batzuk lehenago, 2021 urtean Koldo Martínez eta María Jesús Montero ministroak lortutako akordioari esker burutuko dira lanak hain zuzen ere.

    “Uneotan Atarrabiak jaso zezakeen berririk hoberena da hau, akordioak ilusio handia eragin baitzuen ibaitik gertu bizi diren bizilagunen artean, hiru egunez jarraian euria egiten zuenean beldurrez bizi ziren bizilagunak alegia”, ziurtatu du Mikel Asiainek.

    Asiainen arabera, guneak neurri sendoak behar zituen kalte berriak ekiditeko, egoera tragiko horiek berriro errepikatzea ekiditeko. “San Andrés zubiaren eraisketa eta berri baten eraikuntza bezalako neurriak, Iongraf nabearen eraisketa, bere garbiketa eta aintziratze gune moduan egokitzea, ibaiertzeko paseoaren oinezkoentzako pasabidearen tokialdatzea eta zubia baino lehen dagoen presaren aldaketa ere”, azaldu du.

    Geroa Baiko zinegotziak nabarmendu duenez “lortutakoa ez da Eguberrietako opari bat ez eta Olentzero mendietatik lehenago jaitsi denik, Geroa Baik, Atarrabiako Udalak eta Senatuak amankomunean egindako esfortzuaren emaitza baizik”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko