Eroritakoen monumentuarentzako irtenbideak segurtasun juridikoa eduki behar duela eta adostasun sozial eta politikoarekin egin behar dela defendatu du Geroa Baik
Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren Pablo Azcona bozeramaileak egindako adierazpenetan, koalizioak Nafarroako Gobernuari datorren kontrol saioan zuzenduko dizkion hiru galdera aurkeztu ditu. Alde batetik, Geroa Baik Osasun kontseilariari galdera egingo dio, 2023 urtean zehar osasun arreta jaso duten herritarren asebetetze mailari buruzko inkestari buruz departamentuak zein balorapen egiten duen jakiteko. Beste alde batetik, koalizioak Industria kontseilariari galdetuko dio Nafarroako ekintzailetza sistemari buruz. Eta, hirugarrenik, Iruñeko Topaketei buruzko galdera egingo dio Geroa Baik Kultura kontseilariari, datorren urrian berriro egitea aurreikusten baita.
Bestalde, Eroritakoen monumentuari buruzko eztabaida publikoa aipatu nahi izan du Azconak. Bozeramaileak azpimarratu duenez “Geroa Bairentzako Eroritakoen monumentua gaur Nafarroan dagoen gorazarre frankistaren eraikinik lotsagarriena da”, Ollo lehendakariordeak pasa den astean adierazi zuen moduan.
Geroa Bairen eledunak nabarmendu duenez, “legegintzaldi honetan hartu beharko genuke monumentu honentzako konponbidea”. Konponbidea, Azconak gogorarazi duenez, “Iruñeko Udalaren eskumenekoa da, baina Geroa Baitik gure lankidetza eskaintzen dugu beste erakundeetatik ere”. Geroa Bairen eledunak gainera, eraikin honi emango zaion irtenbideak segurtasun juridikoa edukitzearen eta adostasun sozial eta politikoarekin egitearen garrantzia azpimarratu du, horrela oroimena eta biktimak blindatuz. Halaber, Geroa Baik 2015etik hona burututako lanaren garrantzia azpimarratu du, oroimenaren gaineko lehen politika publikoak martxan jarriz.
Azkenik, Foruaren Hobekuntza eguneratzeko Ponentzia aipatu du Azconak, aste honetan bere lanei helduko baitio berriro ere. Ziurtatu duenez, “elkarrizketarako gune lasaia, anbizio handikoa eta marra gorririk gabekoa izatea espero dugu Geroa Bain”. Era berean, lan planarentzako Geroa Bairen proposamenak, politikagintza, legelaritza, lan mundua edo esparru soziala bezalako alor ezbedinetako 40 pertsona eta erakunde baino gehiago dituela gogorarazi du.
Pablo Azcona