Itzuli

Erosahalmena berreskuratzeko neurri kosmetikoak baino neurri eraginkorrak eskatu dizkio Martínezek Sánchezi

Iruñean aldaketa ahalbidetzeko ausardia falta eta Mañeru eremu mistora pasatzeko PSNren aurkako jarrera aurpegiratu dio ere

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Ezberdintasunak murrizteko eta klase ertainen, langileen eta autonomoen erosahalmena galtzea ekiditeko neurrien eraginkortasun eskasa aurpegiratu dio Koldo Martínez (Geroa Bai) senatari autonomikoak Sánchez presidenteari, honek Senatuan egin duen agerraldian. Era berean, Nafarroan sozialista bat buru duen gobernua ahalbidetzeko Geroa Baik izan zuen eskuzabaltasunaren aurrean, PSOEk Iruñean gobernu aurrerakoi bat ahalbidetzeko izan zuen “adore eta ausardia” falta aurpegiratu dio ere.

    Eremu mistora pasatzeko Mañeruko udalaren aho bateko eskaerari PSNk eman dion ezezkoa ere aipatu du Martínezek. “Nafarroako bozeramaile sozialistari entzun ondoren Mañeru eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzeko  Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka bozkatuko dutela Parlamentuan, eta hortaz Mañeruko udalaren erabakiaren aurka, honek aho batez eta legeak dioen moduan onartu baitzuen, Nafarroako Alderdi Sozialista bere hizkuntza propioari, euskarari oztopoak jartzen dizkion PSOE bakarra dela salatuz hasiko dut hizketaldia, presidente jauna. Eta Espainiak onetsi zuen Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren aurka bozkatzen duela”, salatu du Koldo Martínezek.

    Sánchez presidenteari zuzendutako bere hizketaldian Koldo Martínezek gogorarazi duenez, “pasa den legegintzaldian Nafarroan aldaketaren gobernu aurrerakoi baten buruan egon zen Geroa Bai Uxue Barkosekin, ‘Corralito foralari’ amaiera emanez, gure aniztasun soziala eta linguistikoa aitortzen ez zuen erregimen bat. Aldaketa aurrerakoiaren lehen gobernu horrek eskuinaren aldetik oposizio bortitza izan zuen, baina zure alderdiaren aldetik ere, batzuetan eskuinarena baino bortitzagoa izanik ere”.

    “Hala ere -jarraitu du Martínezek-, hurrengo legegintzaldian, honakoan, Geroa Baik koherentzia demokratikoaren alde egin zuen eta zuei eman genizuen gure babesa, ezkerreko lehen alderdiari, Gobernuko lehendakaritza har zenezaten. Zuek ordea, zuen botoekin Iruñeko Udalean eta beste batzuetan gobernu aurrerakoiak egotea galarazi zenuten. Ez zenuten adorerik ez eta ausardiarik eduki”.

    Makillajea benetako eraldaketak baino

     

    Koldo Martínezen aburuz, pandemiak eta Ukrainako gerrak “egia eta gardentasun gehiago behar dute propaganda baino, Sánchez jauna. Salbuespen batzuekin, gutxieneko soldata adibidez, zure gobernuak makillajearen alde egin du benetako eraldaketen alde egin baino”.

    Geroa Baiko senatariak bere babesa agertu die hainbat neurriri, hala nola elikagaiei BEZ jaisteari, nahiz eta gogorarazi duen neurri honek familien poltsikoengan izango duen eragina, erregaientzako dirulaguntza kentzea baino txikiagoa izan dela. Era berean, familia behardunentzako txekea edo bono energetikoa bezalako beste neurriak ez direla modu eraginkorrean kudeatu kritikatu du ere, behar dutenei ez baitira iristen.

    Izena eman gure buletina jasotzeko