Itzuli

Errege emeritua bitartekari izan zuen Mekarako Ave-aren kontratuan RENFEren galerei buruz Gobernuak informatzeko beharrezkoa bada Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarri du Koldo Martínezek

“Demokrazia justizia soziala, ekonomikoa eta ingurumenarekikoa, eta Ongizate Estatua da ere”, defendatu du Senatuan

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak gaur Goi Ganberako osoko bilkuran iragarri duenez, Auzitegi Konstituzionalera iristeko prest dago RENFEk Mekarako Ave-aren kontratuan izandako balizko galerei buruz informazioa jasotzeko duen eskubidea bermatzeko hori egitea beharrezkoa bada, kontratu hori fiskaltzaren ikerketapean dagoelarik errege emerituak  balizko komisioak direla eta.

    “Diputatuek informazioa eskuratzeko duten eskubidea funtsezko eskubide bat da, Konstituzioaren 23. artikuluan bermatua eta Gobernuak pasapalabra bat egin nahi izan du enpresa publiko baten emaitzen gaineko nire informazio eskaerarekin, horretarako enpresa pribatuekin ere egindako kontratu bat dela argudiatuz soilik, baina enpresa publikoek partzuergoaren kapitalaren %49,9 dutenean eta hauek izan direnean galerak bere egin dituztenak”, azpimarratu du Koldo Martínezek demokraziari eta Washingtoneko Kapitolioaren erasoari buruzko PSOEren mozio baten eztabaidan.

    Demokraziaren bere defentsa tinkoan Geroa Baiko senatariak gogorarazi duenez, “Demokrazia gardentasuna da. Eta gogorarazten dut Mekarako AVEaren kontratuari buruz eskatu nuen informazioa ematera ukatu dela Exekutiboa, orduan errege zenak horretatik ustez onura atera zuelarik eta RENFE enpresa publikoarentzat galera ekonomiko handiak ekarriz. Nire informazio eskaerari emandako erantzuna esaldi bakar batekin konpondu zuen Gobernuak: ‘Eskaerak aipatzen duen kontratua Partzuergo pribatu bati egiten dio erreferentzia’. Baina partzuergo horretan RENFE, ADIF eta INECO enpresa publikoen partaidetza kapital osoaren erdia batzen dute. Beste pase torero bat, horren aurka Senatuko mahaiburuaren babesa eskatu nuelarik. Amore emango ez dugula iragartzen dut, eta beharrezkoa baldin bada, Auzitegi Konstituzionalera joko dugu afera publikoen parlamentuaren kontrola bermatzeko. Hori ere Demokraziaren esentziaren zati da”.

    Geroa Baiko senatariak ere adierazpen askatasuna defendatu du eta Pablo Haséli ezarritako zigorra kritikatu du, bai eta oraindik indarrean dirauen mozal legea, Aurrekontu eta Hezkuntza legeei Senatuak egindako zuzenketak onartzeko Exekutiboaren ezezkoa edota emakume askok oraindik ere pairatzen duten kristalezko sabaia eta itsasgarrizko zorua.

    “Demokrazia aurrerapena da, denontzako garapena, geroz eta handiagoa den desberdintasun sozialari aurre egitea, ez bakarrik herrialdeen artean, baizik eta horien barruan ere, eta baita enpresa bereko langile eta zuzendarien arteko eskandaluzko soldata ezberdintasuna ere. Demokrazia klase ertain eta herrikoien egungo txirotzeari buelta emango dion politika ekonomikoa da, bereziki gazteei, emakumeei eta migranteei eragiten dien prekariotasunarekin amaituko duena”, nabarmendu du Koldo Martínezek, demokrazia osoaren kontzeptua ingurumenaren jasangarritasunarekin edota ekonomia zirkularrarekin ere uztartuz.

    “Demokrazia, hortaz, justizia soziala, ekonomikoa eta ingurumenarekikoa da, bai eta Ongizate Estatua ere. Giza Eskubideekiko errespetua politika publikoen erdira eramatea da, pluraltasunaren eta kultura arteko aniztasunaren balio positiboa nabarmenduko duten ekimenak bultzatzea, diskurtso arrazista, xenofobo eta aporofoboen prebentzioan lagunduko duten eta horiek antzemango dituzten tresnak sortzea”, ziurtatu du Geroa Baiko senatariak.

    Nafarroako senatari autonomikoaren aburuz, “Demokrazia, gainera, elkarrekiko errespetua da, batzuetan politika bihurtzen dugun irain liskargunea alde batera uztea. Pertsonen arteko errespetua, taldeen artekoa, Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen artekoa. Gure Foruentzako errespetua, gure autogobernuarentzako, eta gure hizkuntza propioentzako, eta helegite gutxiago Auzitegi Konstituzionalean”.

    Bere hizketaldia amaitzeko Koldo Martínezek azpimarratu duenez, “mozio honi gure babesa emango diogu, demokraziak mozioak edo borondate oneko adierazpenak baino gehiago behar dituela beste behin ere azpimarratuz. Demokraziak etengabe erne egotea eskatzen digu, fronte guztietan, geure buruarekin ere, haren aurka kanpotik eta barnetik egiten zaizkion eraso guztiak aurreikusi eta haiei erantzuteko. Helburu horiekin jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, aktiboki, kosta ahala kosta”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko