Itzuli

Estatuak espoliazio frankistaren biktimei erreparazio ekonomikoa eman diezaien eskatu du Koldo Martínezek Senatuan

Errepresioaren gaineko egia ezagutzeko Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eskatu du ere

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez senatari autonomikoak mozio bat aurkeztu du Senatuan Gobernua premiatuz honek Oroimen Demokratikoaren legearen esparrua zabal dezan, modu horretan espoliazio frankistaren biktimei erreparazio ekonomikoa ematea sar dadin eta Sekretu Ofizialen Legea aldatu dadin, oraindik ezkutaturik dauden errepresio ekintzak azaleratu ditzaketen dokumentuak desklasifikatuz.

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Gobernuak onartu duen eta bi ganberetan, Kongresuan eta Senatuan eztabaidatu beharko den lege proiektuaren balorapen positiboa egin du, baina jasotzen ez dituen alor garrantzitsuak daudela iritzi du.

    “Proiektuak biktimen erreparazioan aurrera egiten du eta Nazio Batuak bezalako nazioarteko erakundeek esparru honetan Espainiari egindako gomendioei erantzuna ematen die. Giza Eskubide eta Oroimen Demokratiko alorrean Fiskaltza baten sorrera modu positiboan baloratzen dugu ere, baina jazotakoen gaineko egia osoa ezagutzea eta biktimen erabateko erreparazioa ematea galarazten duten funtsezko gaiak jorratzea falta direla deritzogu”, azpimarratu du Koldo Martínezek.

    Izan ere, Gobernuak aurkeztutako lege proiektuak dio ezingo direla “Estatuaren, edozein administraritza publiko edo norbanakoen ondare erantzukizun eraginik eratorriko, ez eta izaera ekonomiko edo profesionaleko eragin, erreparazio edo kalte ordainik ere ez”. Horrek, Geroa Bairen senatariaren iritziz, “arrazoi ideologiko soilengatik eta kasu askotan haien bizilagunen ondasunekin geratzea erabaki zuten irabazleen mendeku edo interes faltsuengatik Francoren gobernu ilegitimoak ondasunak espoliatutako pertsonekin egindako bidegabekeria iraunarazten du”.

    Era berean Koldo Martínezek Gobernua premiatzen du Sekretu Ofizialei buruzko apirilaren 5eko 9/1968 Legea aldatu dezan, bai eta Datuen Babeserako Legea, Espainiako Ondare Historikoaren Legea, Oroimen Historikoaren Legea eta Gardentasunari buruzko egon diren legeak ere, horrela, desklasifikazio bitartez, gehienez 25 urtera material sekretuarentzat eta 10 urtera erreserbatutako kalifikazioa duen materialarentzat, gertatutakoen gaineko egia ezagutzea posible izan dadin, hori baita oroimen demokratikorako edozein politika publikoren oinarria.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko