Europako Funtsak Ongizate Estatua finkatzeko eta lan prekariotasunarekin amaitzeko ere erabil daitezen eskatu du Koldo Martinezek
Senatariak nabarmendu duenez “ez da ekonomia eraginkorrik egongo garapen ekonomikoa garapen sozialarekin batera ez badoa”

Pablo Iglesias Gobernuko alor sozialeko lehendakariordeak Goi Ganberan egindako agerraldia aprobetxatu du Koldo Martínez Geroa Baiko senatariak, Susperraldirako Europako Funtsaren banaketan “joera ekonomizista egotearen” arriskuaren aurrean bere kezka agertzeko, eta Ongizate Estatua finkatzeko ere balio dezala eskatu du. “Lan paradigman aldaketa” lortzeko erabil daitezela eskatu du Koldo Martínezek, “EBrekin homologagarriagoa” den egoera lortzeko eta “prekariotasunarekin” amaitzeko.
Europako funtsen bi heren enpresetara bideratu zitezela eskatzen zuten CEOE patronalaren adierazpenak aipatu ditu Koldo Martínezek. Zentzu honetan, Pablo Iglesiasi galdetu dio “ea Gobernutik borondaterik eta gaitasunik badagoen funts horiek doinu soziala izan dezaten, garapen ekonomikoak eratorri soziala eduki dezan eta Ongizate Estatua finkatzeko balio dezan ere”. “Aurrerapauso gutxi egingo baitugu gure enpresen ekoizpena hobetzearekin konformatzen bagara, bien bitartean etorriko zaigun eta etengabekoa den lan indarraren errobotizazioaren eraginez lan merkatutik kanpo geratuko diren langileak kontuan hartu gabe. Azken finean, I+G+b-n aurrerapenak eta B+B+P-n aurrerapenak uztartzen ez baditugu, azken hau Babesa, Berdintasuna eta Parekidetasuna delarik”, gaineratu du Nafarroako senatari autonomikoak.
Garapen ekonomikoa garapen sozialarekin uztartzearen beharra berretsi du Koldo Martínezek, eta zentzu honetan adierazi duenez “Geroa Bairen ustez, planeta defendatzeko modurik hoberena pertsonak defendatzea da. Hori da gure apustua eta ideia hau beste talde politikoak ere motibatuko dituen ideia-indar bihurtzea espero dut, bai eta politika publikoak zein pribatuak definitzea ere”.
Geroa Baiko senatariak Nafarroako udalak jarri ditu garapen ekonomiko eta sozialaren beharrezko uztartzearen adibide moduan, senatariak ziurtatu duenez paradigma aldaketa honetan lanean ari baitira, bai eta ekonomia zirkularraren bultzadan ere. “Gu bereziki identifikaturik gaude ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular bateranzko aldaketa modu aitzindarian laguntzen ari duen udalen jardunbide horrekin, herritarren ongizateari eragiten dieten tokiko edo eskualdeko zerbitzu publikoetan ematen ari diren funtsezko erabakien arduradunak baitira, bai eta hazkunde ekonomikoari edo ingurumenari dagokienetan ere”, eta udalek Europako Funtsen banaketan eduki beharko luketen papera dela eta Pablo Iglesias lehendakariordeak egindako aipamena eskertu du ere.
Ekonomia oztopatzen duten eta Espainia Europatik aldentzen duten denborazkotasunaren eta prekariotasunaren datuak gogorarazi ditu Koldo Martínezek. “Jakin nahiko nuke -galdetu dio Pablo Iglesiasi- zure gobernuak aurreikusten ote duen Europako funts horien zati bat lan paradigman aldaketa bultzatuko duten politiketara ere bideratzea, espainiar Estatua Europako gainontzeko herrialdeetara homologagarriago eginez. Modu honetan bakarrik, prekariotasunari amaiera emanez lortuko dugu ekonomia zuzenago bat eta, hortaz, eraginkorrago bat... Ez delako inoiz ekonomia eraginkorrik egongo, sistema ez bada birbanatzeko gai eta garapen ekonomikoa garapen sozialarekin batera ez badoa”.
Zentzu honetan, Iglesiasek erantzun dio herrialdeak aldatu beharreko ahultasunak iraganetik “arrastaka daramatzala” eta pandemiak ekarri duen tragedia handia izan arren, “garapenerako aukera paregabea” ere badela.