Europan sendo integraturik eta ahots propiodun Nafarroa defendatzen du Geroa Baik
Europako eguna dela eta, Europar Batasunaren sorrerako baloreak aldarrikatu ditu koalizioak amankomuneko etorkizun bat eraikitzeko
Europako Egunaren ospakizuna dela eta, Geroa Baik Nafarroa “subjektu politiko moduan” aldarrikatu du, “Europan sendo integraturik, bertan ahots propio eta tinkoarekin jarduteko”. Koalizioaren iritziz “funtsezkoa da Foru Komunitatearen presentzia ahal den erabakitze gune guztietan egotea, munduan Nafarroa berde, berritzaile eta balore demokratikoekin begirunetsu agertzen jarraitzeko”.
Koalizioak “Europar Batasunaren sorrerako baloreak” aldarrikatu ditu, “horiek baitira amankomuneko etorkizun baten eraikuntza gidatu behar dutenak”. “Eskubideetan, kontsentsuetan, giza duintasunean, askatasunean, demokrazian, berdintasunean eta giza eskubideetan oinarrituriko eredua”, defendatu du Geroa Baik.
Koalizioaren arabera, “Estatu kideetatik haratago dauden errealitate politikoen partaidetza zuzena kontuan hartuz eta hori artikulatuz egin beharko du Europak aurrera”. Horrela, “eskualdeei erabakitze ahalmen handiagoa emango dien proiektu europarra” defendatzen du Geroa Baik, eta bere aburuz “lurralde-lankidetzarako tresnen sinplifikazioaren bitartez makroeskualdeko estrategiak sustatzea funtsezkoa da, Euroeskualdeak bezalako errealitateak sustatuz eta garatuz, hots Nafarroak EAE eta Akitania Berriarekin osatzen duena”.
“Aurrean dugun erronka argia da; gure Komunitateak Europan presentzia aktiboa izaten jarraitzea eta, horretarako, oso positiboa den posizioa dugu”, defendatu du Geroa Baik. Ildo honetan azaldu duenez, “Nafarroak EBko per capita errentaren bataz bestekoa baino askoz ere handiagoa du, aldi berean zentro teknologiko eta berrikuntza zentroen sare zabal eta sendoa du energia, osasungintza, nekazaritzako elikagai, mekatronika, nanoteknologia eta beste hainbat sektoretan”. Horregatik guztiagatik, “2015ean ekindako anbizio handiko bideari jarraitzea” defendatu du Geroa Baik, “erronka izateaz gain, Nafarroarentzako betebeharra baita Bruselan garrantzizko paper bat jokatzea”.