Europar Batasunak bere defentsa-subiranotasuna bermatzeko pausoak ematera premiatu du Geroa Baik
Koalizioak, mozio baten bitartez, europar erakundeak premiatzen ditu defentsa-subiranotasuna lortzeko bidea ireki dezaten, NATOren egungo markoaren alternatiba moduan
Erregai fosilen gehiegizko menpekotasunaren arriskuak agerian utzi ditu Irango gerrak, era berean argi utziz petrolioaren gaineko kontrola dagoela gatazka askoren atzean. Energia alorrean Europar subiranotasunak duen garrantzia frogatzen dute bi gai hauek, baina baita ere segurtasunarekin eta defentsarekin zer ikusia duten beteek. Horregatik, Geroa Baik ekimen bat defendatuko du Nafarroako Parlamentuan datorren ostegunean egingo den Osoko bilkuran, Europako erakundeak premiatuz subiranotasun hori lortzeko pausoak eman ditzaten.
Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi duenez, “NATOren batasuna bere hasieratik jarri zen zalantzan”. Espainiar estatuaren kasuan, dio Asiainek, 1986ko erreferendumak Atlantikoko Aliantzara batzea berretsi zuen, nahiz eta partaidetza %60 eskasekoa izan, bien bitartean “Nafarroan, antolakunde militarrean egotearen erabat aurkakoa izan zelarik emaitza”, botoen %53,44 ezezkoak izan zirelarik.
Azken urteetan, azaltzen du parlamentariak, “munduko taula geopolitikoa zeharo aldatu da”. Horrela, “Donald Trump Estatu Batuetako presidentetzara iritsi zenetik egon diren nazioarteko gatazkek agerian jarri dute erabateko interes ezberdintasunak daudela, alor guztietan, Estatu Batuen eta Europaren artean”, azpimarratu du. Ezberdintasunen adibide gisa, “Espainia NATOtik botatzeko Trumpen adierazpen publikoak” jarri ditu mahai gainean koalizioko parlamentariak, bai eta “Groenlandiaren inguruko eskaerak Estatu Batuen aldetik edo Europa Amerikako Estatu Batuen bide beretik jarraitzeko planteamenduak, honakoa Mark Rutte, organismo militarreko buruzagi gorenak ere defendatzen duela dirudien planteamendua”.
Gainera, Mikel Asiainek azpimarratu duenez, “Estatu Batuek Iranen aurka jaurtitako erasoek gauza ugari agerian uzten ditu”, horien artean honakoak aipatuz: “benetako subiranotasun energetikoaren garrantzia, bide horretan egin behar duelarik Europar Batasunak, baina baita ere Estatu Batuek Nazioarteko Zuzenbideari dion erabateko errespetu falta”. Gai honek, nabarmendu du parlamentariak, “europar herrialdeen papera kolokan jartzen du, bai eta haien erabakitze-gaitasuna eta ahalmena tentsio beliko handiko une batean, horregatik da hain beharrezkoa Europar Batasunak bere subiranotasuna bermatzeko gaitasuna edukitzea, baita ere defentsaren alorrean”.
Horregatik planteatzen du mozio hau Geroa Baik, Espainiako Gobernua premiatzeko Europako erakundeei modu formalean eska diezaien estatu kideekin esklusiban osatutako indar armatu defentsiboa martxan jartzeko beharrezko pausoak eman ditzaten, Europar Batasunaren baitan zehaztuko diren baliabide eta helburuekin. Halaber, Europa mailan beste herrialdeekin eta antolakundeekin etorkizunean defentsa alorreko akordioak eta aliantzak zehaztearen beharra azpimarratzen da, NATOren egungo markoaren alternatiba gisa.
Mikel Asiain