Itzuli

Euskararen defentsa hunkigarria egin du Koldo Martinezek senatuan euskaldunek haien hizkuntza erabiltzeko dituzten zailtasunak gogoratuz

“Nafarroako euskal hiztunok gure hizkuntza erabiltzeko ditugun zailtasunez gain, euskara gaztelaniari inposatzen zaiola entzun behar dugu”

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Goi Ganberako osoko bilkuran edukitako hizketaldi hunkigarri batean, Koldo Martínez Urionabarrenetxea Nafarroako senatari autonomikoak euskararen defentsa sutsua egin du.

     

    Eskualdeko edo Gutxitutako Hizkuntzen Europako Kartaren inguruan hasi du Martínezek bere hitzaldia, bere haurtzaroa eta ama gogora ekarriz.

     

    “Analfabetoa zen gure ama. Bai, nire ama analfabetoa zen. Haur nintzenean, gauero, Agur Maria errezatu eta gabon, ondo lo in esateko muxua eman baino lehen juxtu, berari asko gustatzen zitzaion liburu batetik ateratako poema bat irakurtzen zigun: gaztelaniazko mila poesia hoberenak. Bai, nire ama analfabetoa zen... euskaraz, berak erakutsi zidan hizkuntzarik ederrena eta maite ninduela esateko erabiltzen zuena. Ezin izan zizkidan euskarazko ehun poesia hoberenak erakutsi. Ez baitzekien irakurtzen”, jarraitu du gogoraraziz Koldo Martínezek.

     

    “Euskara gure artean komunikatzeko hizkuntza ederra dela” bere amak erakutsi ziola gogorarazi du, “gure hilak oroitzeko, horietako batzuk fusilatu ondoren non lurperatuak zeuden ez genekien arren, komunitatea eratzeko, Euskalerria alegia. Errezatzen genuen hizkuntza, nahiz eta kalean eta eskolan gaztelaniaz bakarrik errezatu genezakeen. Inperioaren hizkuntzan, kristauen hizkuntzan”.

     

    Euskararen irakaskuntza frankismo garaian bultzatzeko egon ziren guraso mugimenduak aipatu ditu Koldo Martínezek, bai eta gaur egun euskararen erabilera babesten duten legeak ere.

     

    “Oraindik ere, badira pertsonak, horietako batzuk Ganbera honetan, Urionabarrenetxea abizena edukitzea oso deigarria egiten zaienak eta are eta zailagoa nahastu gabe esatea. Eta oraindik ere, pertsona batzuek nire antolakundea behar bezala izendatzeko zailtasunak dituzte, Geroa Bai alegia, ez Jeroa Bai ez eta Gerona Bai”, deitoratu du Koldo Martínezek.

     

    Nafarroako senatari autonomikoak Euskararen Legea gogoarazi du, bai eta Nafarroa hiru zatitan banatua dagoela, zati horietako bakoitzean herritarrei hizkuntza eskubide ezberdinak aitortuz haien bizilekuaren arabera. “Posta kodearen araberako giza eskubideak, alegia. Haien gaztelaniazko elebakartasunagatik beste hizkuntzei beldur dionik baitago oraindik. Eta beldur horrek euskarafobiara daramatzate”.

     

    “Euskarafobia -jarraitu du- hori agerian geratzen da 44 udalek 2017an eremu ez euskaldunetik mistora pasatzearen aurka Nafarroako eskuinak eta Espainiakoak bozkatzen dutenean, udalek hura eskatu eta lortu arren. Ustez askatasunaren hain maitale den eskuinaren euskarafobia, Nafarroako herritarren erabaki librearen aurka dagoena, kulturari dagokionez plurala eta nortasunari dagokionez anitza den herritargoaren aurka, edota ETB Nafarroan ikusteko aukera egotearen aurka dagoena”.

     

    “Eta euskal hiztunek, euskaldunek, Nafarroan aurkitzen ditugun zaitasun honen eta beste mila zailtasunen aurrean, hots gure herrian euskaraz ikasi ahal izateko -hor dago Mendigorria- edo administraritza publikoetara euskaraz zuzentzeko, biktimismo faltsutik euskara gaztelaniaren gainetik inposatzen dela esateko zinismoa duten diskurtsoak entzun behar ditugu oraindik”, nabarmendu du Geroa Baiko senatariak.

     

    “Euskarak laguntza guztia, ahal den babes gehiena behar du, Konstituzioak dioen moduan “espainiar guztiak eta Espainiako herri guztiak giza eskubideen, haien kultura eta ohituren, hizkuntzen eta erakundeen jardunean babestu” nahi baditugu, ziurtatu du Koldo Martínezek.

     

     

    “Bide batez, nire amak alfabetizatzen amaitu zuen eta Xabier Leteren poesia, Ramón Saizarbitoriaren eleberriak eta Iñigo Astiz bere bilobaren olerkiak irakurtzen gozatzeko aukera izan zuen”, amaitu du esanez Koldo Martínezek.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko