Itzuli

Euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza ez dela betetzen salatu du Geroa Bai Lizarrak

Blanca Regúlez zinegotzi eta parlamentariak seinale elebidunen araudia betetzeko eskatu dio UPNko alkateari

    Blanca Regúlez Blanca Regúlez
    Geroa Bai Lizarrak salatu du Lizarrako Udalak ez duela betetzen euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza, eta UPNko alkateari eskatu dio hiriko Alde Zaharreko Sarbide Kontrolatuko Eremuan seinale elebidunei buruzko araudia bete dezala.
    Blanca Regúlez zinegotzi eta parlamentariak adierazi duenez, "duela gutxi Udalak SKE gunera sartzeko seinaleak aldatu ditu, lehendik zegoen seinale elebidunaren gainean binilo bat gaztelaniaz soilik jarriz, hura estaliz eta gure hizkuntza propioa, euskara, zokoratu eta ezkutatzeko estrategia argi baten aurrean gaudela erakutsiz".
    "Seinaleztapen hori 2023an jarri zen, eta ez zen beharrezkoa izan berritzea, ez ordenantza arautzailea aldatu zelako, ez egoera fisikoagatik. Ulertzen ez ditugun arrazoiengatik, Alkatetzak berrikuntza beharrezkotzat jo badu, gogorarazten diogu aplikatzen diren elebitasunari buruzko irizpideak gure hirian euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantzan garatzen direla ", azaldu du Regúlezek.
    Hori guztia dela eta, Geroa Baiko zinegotziak Alkatetzak seinaleztapen elebidunaren gainean jarritako biniloak kentzeko eskatu du, ordenantza betez; "Nafarroako herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea" gogorarazi du, eta "gure hirian euskara defendatzeko egokitzat jotzen dituen legezko ekintza guztiak" egingo dituela ohartarazi du.

    Izena eman gure buletina jasotzeko