Eutanasia Legeak lagundutako suizidioa jasotzen ez duela eta dosi hilgarria emango dutenak erizainak izango direla ezartzen duela salatu du Koldo Martínezek
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak, Kongresuak onartutako Eutanasia Legearen testua hobetzeko beharra defendatu du gaur Senatuan, nahiz eta Goi Ganberak aldaketa handirik gabe berretsi duen testua. Gogorarazi duenez legeak ez du ezartzen nork emango duen farmako hilgarria, nahiz eta PSOEren aldetik araudi hau bultzatzeko arduradunek adierazi dutenez erizainak izango dira eginkizun horren arduradunak. Era berean salatu du legeak ez duela lagundutako suizidioa arautzen, eutanasia bakarrik, eta partaidetzarik gabe eta presarekin landu dela ere.
Koldo Martínezek ziurtatu duenez, “Geroa Bairentzat garrantzitsuagoa da lege on bat egitea, pixka bat luzatuz, halamoduzko bat onartzea baino, denbora tarte txikiagoan egindakoa izan arren. Eta lege hau, orain dagoen moduan, arau kalitate urrikoa da eta segurtasun juridiko eskasa ematen du”.
“Zergatik ematen die hainbeste beldur lagundutako suizidioa aipatzea? Zergatik? Eutanasia eta lagundutako suizidioa hiltzeko laguntza dira, biak. Eta ez genuke biak arautzeko aukera hau galdu behar. Baina, noski, lege hau presa askorekin eta eztabaidarik gabe egin da”, salatu du Koldo Martínezek, PSOEri egotziz aukera hau pasatzen uzteko erantzukizuna.
Erizaintza kolektiboari babesa
Era berean, Koldo Martínezek gogorarazi du Geroa Baik bere zuzenketetan Holandako eredua proposatu zuela, “mediku erantzulea” deiturikoa alegia izatea farmakoa xiringatzeko arduraduna. Eta gaineratu duenez, legeak ez du zehazten zein profesional izango den azken erantzulea, nahiz eta ziurtatu duen PSOEk argitu diola erizaintzako langileak izango direla. “Kongresuak onartutako legean behin bakarrik aipatzen diren langile horiek alegia. Lehen unetik gaixoaren alboan dauden eta askotan medikua bera baino gertuago eta jarraiago dauden profesional kolektiboari aipamen ezin pobreagoa, iraingarria izanik gaixoaren bizitzari amaiera emango dioten farmakoak xiringatzeko arduradun izango diren pertsonentzako. Gainera, eskaeraren prozesuaren gainontzeko pausoetatik kanpo utzi dituzte. Horregatik guztiagatik, nire elkartasuna, aitorpena eta esker ona helarazten diot hemendik erizaintzako profesionalen kolektiboari eta lege honek ematen dien trataeragatik barkamenak eskatzen dizkiet”.
Gaixoaren ordez erabakiak hartzen dituzten Batzordeak
Geroa Baiko senataria kritiko agertu da ere legeak sortzen duen Berme eta Ebaluazio Batzordea deiturikoarekin, gaixoaren eutanasia eskaera onartzeko azken hitza edukiko duena alegia. “Batzorde hauek ez dira existitzen munduko legedi despenalizatzaile bakar batean ere, berriak dira eta osasun zentro guztietan jada existitzen diren eta ongi funtzionatzen duten Laguntzarako Etika Batzordeak ordezkatuko dituzte”. Koldo Martínezek gogorarazi du Holandan, 20 urteko esperientziarekin, eta mota honetako batzorderik gabe, eskaerak ikertzen dituzten bi medikuekin, eskaeren %50 baztertzen direla.
Koldo Martínezen iritziz ez du zentzurik legeak urtebeteko epea ezartzea alor honetan profesionalei formakuntza emateko eta, hala ere, araudi berria bere argitalpenetik hiru hilabetera indarrean sartzea.
Koldo Martínez