Ezberdintasun sozialari eta soldata arrakalari aurre egiteko ekimenak bultzatu ditu Geroa Baik
Koalizioak eztabaida monografikoa proposatu du Nafarroako Parlamentuan eta Senatuan ahozko galdera bat erregistratu du
Ezberdintasun sozialari eta soldata arrakalari aurre egiteko bi ekimen bultzatu ditu Geroa Baik, gizartearen zati handi baten txirotzeari eta belaunaldi arteko esparruan horrek izango dituen ondorioei aurre egingo dioten neurriak bultzatzeko helburuarekin. “Ezin gara hazkunde ekonomikoaren edo enpleguaren hazkundearen datuak gogobetetasunez begiratzera mugatu, datu hauek gizarte parekide eta kalitatezko baten isla ez badira, eta ezin gara gazteriaren zailtasunak hor daudela aitortzera mugatu, jardun politikotik soldata arrakalari aurre egiteko lanari ekiten ez badiogu”, azaldu du koalizioak.
Zehazki, Nafarroako Parlamentuan eztabaida monografiko bat egitea proposatu du koalizioak, bai eta ahozko galdera bat bihar Senatuan, azken hau jakiteko ea Estatuko Gobernuak goi mailako zuzendarien eta langileen soldaten arteko ezberdintasunak murrizten saiatzeko planik ote duen jakiteko. Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak azpimarratu duenez, “egoera hau gizarte orekarentzako mehatxua da, eta Europa parekidetik zein Ongizate Estatutik aldentzen gaitu”.
Geroa Baik gogorarazi duenez, azken asteotan enplegu indizeen bilakaeran edo Foru Ogasunaren diru-bilketan datu positiboak ezagutu ditugu baina, hala ere, beste indize batzuek desberdintasunak gora egiten ari duela edo gure gizartearen zati baten txirotzea gertatzen ari dela diote. Koalizioak nabarmendu duenez, “datuen arabera, erdi-mailako klaseak txirotzera jo du mende honen lehen hamarkadaren ondoren: erosahalmena galtzen ari da, eta kasu gehiegitan galera hori zorpetzearekin ordezkatzen ari du”.
“Pandemiak kalte multisektorialak utzi ditu: premiazkoenak, sanitarioak; baina gaur egunerako eta etorkizunerako hain garrantzitsuak direnak ere, sozioekonomikoak, 2008ko krisialditik lastaturik daudenak gainera. Ekonomia aurrera egiten hasia da, baina aberastasunaren kontzentrazio moduan egiten ari du eta, hortaz, ezberdintasun soziala eraginez, geroz eta nabarmenagoa den soldata arrakalarekin areagotuz gainera”, ziurtatu du Geroa Baik.
Koalizioaren aburuz, “agerikoa da pandemia aldi hau ez dela berdina izan gizartearen estratu guztientzat, txirotutako erdi mailako eta behe mailako klaseen eta erosahalmenik galdu ez duten goi mailako klaseen arteko arrakala eta ezberdintasuna areagotuz; eta ordaintze maila altuenen eta txikienen arteko tartea handitu egin da enpresen baitan”.
“Soldata arrakalak kutsu dramatikoa hartzen ari du belaunaldi arteko esparruan. Negozioak ixten ari dira, enpleguak galtzen eta, aldi berean, prekariotasun handiagoa duten eta txarrago ordaintzen diren beste batzuk sortzen ari dira, bereziki prekarizaturik eta gaizki ordaindurik dagoen gazteria millennial bat dugu, haien igogailu soziala mehatxupe larrian dagoelarik. Gaur egunean eta etorkizunean ere Ongizate Estatu sendo eta jasangarri bat lortzeko Geroa Bairen apustuan, gure proposamenek hori lortzeko politikak eta neurri eraginkorrak jarri nahi dituzte eztabaidaren erdian”, amaitu du adieraziz Geroa Baik.
Pablo Azcona