Itzuli

Ezkaba mendiko gotorlekua memoria gune moduan berreskuratzeko zein baliabide bideratuko dituen zehaztu ditzan eskatu dio Koldo Martínezek Gobernu zentralari

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak bere poza agertu du, Gobernu zentralak Ezkaba mendiko gotorlekua oroimen historikoaren espazioen baitan sartzeko erabakia ezagutu ondoren, gune horiek Oroimen Historikoaren estatuko legeak jasoko dituelarik.

    “Nafarroako oroimen elkarteek urte luzez egindako eskakizuna da hau eta Geroa Baitik horren alde egin dugu bai Parlamentutik bai eta Uxue Barkos buru izan zuen aurreko Gobernutik ere, azken honek Bake eta Bizikidetza Zuzendaritza sortu zuelarik gainera. Eta, hortaz, Estatuak bere legean Ezkaba mendiko gotorlekua oroimen gune moduan aitortu izana eta gorde beharreko eta bere garrantzia azpimarratu beharreko guneen zerrendan sartu izana, zalantzarik gabe, aurrerapauso garrantzitsua da”, nabarmendu du Koldo Martínezek.

    Hala ere, Geroa Baiko senatariaren aburuz, Gobernu zentralaren erabakia zehazteke dago oraindik eta horregatik galdera bat erregistratu du Senatuan, gotorlekua berreskuratzeko Estatuak zein baliabide ekonomiko bideratuko dituen ezagutzeko helburuarekin, bai eta 1938ko maiatzean indar faxistek egindako sarraskia eta 207 presoren erailketa ezagutu dadin Nafarroako Gobernuarekin batera ekintzak zein alorretan hitzartzea aurreikusten duen jakiteko.

    “Estatua, gotorlekuaren jabe den heinean, behin Ezkaba oroimen historikoko gune moduan aldarrikatu ondoren, gune hori berreskuratzeko eta zaintzeko betebeharra edukiko du, lege proiektuan ezartzen den moduan alegia, adierazpen hau ezin baita itxurakeriatan bakarrik geratu. Zein baliabide bideratuko diren jakitea beharrezkoa da, bai eta zein aurrekontu aurreikusiko den eta gotorlekua bisitagarri bihurtzeko lanek zenbat denbora iraungo duten, egungo belaunaldiek eta etorkizunekoek Nafarroan jazarpen frankistaren atal odoltsuenetako bat ezagutu dezaten. Horregatik aurkeztu dugu galdera sorta hau, Gobernu zentralak nafar demokratontzako hainbeste garrantzia duen toki honen garrantzia azpimarratzeko zein pauso emango diren eta zein aurrekontu erabiliko den zehaztu dezan”, nabarmendu du Koldo Martínezek.

    Izena eman gure buletina jasotzeko