Itzuli

Foru Berriari jarritako helegitea Nafarroaren autogobernuaren aurkako eraso berri bat dela salatu du Geroa Baik

Koalizioak Foru Parlamentua zein Nafarroako Gobernua premiatu ditu aho batez onartu zen Nafarroako araua tinkotasunez defenda dezaten

    Geroa Baik ziurtatu duenez Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatzen eta eguneratzen duen apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legeari jarritako Inkonstituzionaltasun Helegitea Nafarroako autogobernuaren aurkako injerentzia berri bat da, bai eta Foru Parlamentuak eman duen lege bati egindako eraso berri bat ere, horrekin Nafarroako Ganberak legeak egiteko duen ahalmena mugatzen saiatzen delarik.

    Koalizioak azpimarratu duenez, Nafarroak Foru Berriaren erreformari ekin zion Nafarroak Foru Zuzenbide Zibil alorrean izaera historikoarekin duen konpetentzia esklusiboa jardunez, eta nabarmendu du aldaketa hori ahalik eta adostasun handienarekin egin zela, pasa den legegintzaldian aho batez onartu baitzuen Nafarroako Ganberak.

    Geroa Baik gogorarazi du Foru Berriaren erreforma lan sakon baten fruitu izan dela, Parlamentuko Ponentzia batean zuzenbide zibilaren esparruan ospe handiko aditu ezberdinekin denbora luzez landu ondoren. Koalizioak gainera azpimarratu du arau horren onarpena mugarria izan zela, 1973 urtetik aldatzen ez zen Foru Lege baten eguneratzea ekarri baitzuen.

    Horregatik, Geroa Baik Gobernu zentralaren jarrera gaitzetsi du, akordiora iristeko elkarrizketa politikoaren bideak ez baititu agortu, horren ordez bi administraritzen arteko desadostasunak bide judizialetik eramatea aukeratuz, Ministro Kontseiluaren lehen erabakietako bat izanik hori gainera. Koalizioaren aburuz Sánchezen Gobernuaren estreinaldi okerra izan da hau, harro agertutako elkarrizketa, autogobernuari errespetua eta judizializazio ezaren mezuari zeharo kontrajarria baitago, presidenteak hartutako konpromisoa ez bezala.

    Horregatik, Geroa Baik Nafarroako Parlamentua zein Foru Gobernua premiatzen ditu Foru Berriaren defentsa tinkoa egitea eta horrekin autogobernuarena ere. Helegite honi buruz eta gatazka hau Estatuarekin konpontzeko akordio ezari buruz Nafarroako Gobernuak egiten duen balorazioa ezagutzeko, Blanca Regúlez parlamentariak ahozko galdera erregistratu du Nafarroako Parlamentuan lehendakari orde lehen eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariari zuzendurik, honek datorren urtarrilaren 23ko kontroleko osoko bilkuran erantzun dezan.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko