Itzuli

Frankismoaren inpunitatearen aurka kereila argentinarraren baitan Servini epailearen lana babestu du Geroa Baik

Delitu larri hauengatik salatutakoak auziperatzearen garrantzia azpimarratu du Jabi Arakamak

    Jabi Arakama Jabi Arakama

    María Servini epaileak Buenos Aireseko Kriminal eta Korrekzional alorretako 1. zenbakidun Auzitegi Nazionaletik urte ugaritik hona burutzen ari duen lana babesten du Geroa Baik eta bere poza agertu ere, “Kereila Argentinarra” deiturikoaren baitan frankismoko kide nabarmenen aurkako ikerketak abian jarri baititu Espainian diktadura frankistan zehar burututako genozidio eta/edo gizadiaren aurkako krimenak direla eta.

    Gaur ostegunez -bideokonferentzia bidez eta Argentinako kontsulatuan- Frankismoko ministro ohi nabarmena izandako Rodolfo Martín Villak egingo duen adierazpenaren aurrean, koalizioak gogorarazi nahi du delitu hauek ez direla preskribatzen, nazioarteko legediaren arabera eta justizia unibertsalaren printzipioa ezarriz. Horregatik, Geroa Baik Estatuko Administrazioa premiatu du egia eta justizia lortzeko bidean oztoporik jar ez dezan, Servini epaileak auziperatu nahi dituen giza eskubideen urraketa larriekin zerikusirik duten eta Administrazioan bertan dauden dokumentu guztiak desklasifikatuz. Horien artean, 1978ko Sanferminetan gertatutako Germán Rodríguezen erailketa.

    Kereila argentinarrari Espainian jarri zaizkion zailtasunei, lau Gobernuko presidente ohiek eta CCOO eta UGTko idazkari ohiek Martín Villari haien babesa emanez epaileari zuzenduriko garaiz-kanpoko idazkia gaineratu zaie. Geroa Baik Justiziaren eginkizunetan sartze hori eta salatutako bati egindako babes erakusketa esplizitua deitoratu ditu, bere agerraldiaren bezperetan egina gainera, horrelako jokabideek salatutako gertakizunen biktimengan sor dezaketen minarekin bere elkartasuna agertu du.

    Hamarkadetan zehar inposaturiko inpunitatearen aurka borrokatzeko ahaleginetan urte guzti hauetan zehar “kereila argentinarra” bultzatzen jarraitu duten antolakunde memorialistikoen, Giza Eskubideen defendatzaile diren erakundeen eta norbanako pertsonen lana aitortu eta eskertu du Geroa Baik. Koalizioak defendatu duenez, oroimen eta justiziarik gabe ez dago biktimentzako erreparaziorik.

    “Delitu larri hauengatik akusatutakoak, haien aurka egindako salaketa larrien markoan testigantza ematearen garrantzia” azpimarratu du Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak.

    Zentzu honetan, Antonio González Pacheco (“Billy el Niño”) torturatzailearen kasua gogorarazi du, “haren aurka aurkeztutako tortura eta tratu txar salaketa ugari egon arren, berriki hil baitzen epaitzeko aukera eduki gabe, ez eta bizitzan jasotako ohore eta kondekorazio bakar bat ere kendu gabe ere”


     

    Izena eman gure buletina jasotzeko