Euskararen ordenantza proposamen berria Iruñeko hizkuntza aniztasunaren aurkako eraso berria dela salatu du Geroa Baik
Koalizioak azpimarratu duenez presazko eta adostasunik gabeko aldaketa express bat egin nahi du Navarra Sumak
Geroa Bairen udal taldeak Iruñeko Udalean eta bere sektore publiko instituzionalean Euskararen erabilera arautzen duen Ordenantza proiektua zeharo gaitzetsi du, gaur goizean Enrique Maya alkateak aurkeztu ondoren.
Geroa Baik salatu duenez “Navarra Sumak 1997ko Ordenantzaren irakurketa murriztaileagoa egiten du oraindik, eta hizkuntza paisaia edo meritu baloraketa bezalako alderdietan atzera egiten du”.
“Iruñeko herritarren hizkuntza eskubideei dagokienez atzera pauso eta iraganera itzultzearen adibide berri baten aurrean gaude”, azpimarratu du koalizioak, “Ordenantza proiektu hau eztabaidarik gabe, adostasunik gabe eta presaz” egin dela salatuz. “Navarra Sumak aldaketa express bat egin nahi du, denborarik gabe eta taldeekin lantzeko espaziorik gabe”, ziurtatu du.
Horregatik, “udal gobernu taldeak proposamen hau lehenbailehen eramateko duen asmoaren aurrean”, Geroa Bairen udal taldeak “abenduko ohiko osoko bilkurara atzeratzea proposatu du, horrelako neurri eta garrantzia duen ordenantza gutxieneko denborarekin landu ahal izateko”.
“Hizkuntza alorrean Iruñea 20 urteko atzerapen egoeran jartzen duen proposamen honekin, Navarra Sumak bere euskarafobia, bere euskararen aurkako obsesioa frogatzen du beste behin, bere etengabeko mespretxuarekin jarraituz eta gure hiriko hizkuntza aniztasuna saihestuz”.
Horregatik guztiagatik, Geroa Baik Navarra Suma animatu du “Iruñeko herritarren benetako arazoei aurre egin diezaien eta azken urteetan lortutako aurrerapenak suntsitzeari eta boikoteatzeari utz diezaion”.
Patxi Leuza