Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak Ultzamako biogas plantaren gaineko ikerketa batzorde bat eskatu dute
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek Ultzamako biometanizazio plantaren gaineko ikerketa batzorde bat sortzeko eskakizuna erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan.
Plantaren obra publikoa esleitzeko prozedimendua eta ondorengo kudeaketa ikertuko duen batzorde bat nahi dute, bai eta hori babesten zuten proiektuak, Bioenergia Ultzama S.A.ri esleipena, elkarte merkantil horretan zinegotzien parte hartzea, jardueraren garapena eta plantaren itxiera, eta Nafarroako Gobernuko departamentuek emandako diru-laguntzetatik zetozen fondo publikoen erabilera eta xedea.
Idatzia, planta honi buruzko Kontuen Ganberaren txostenetik abiatzen da, bertan ziurtatzen baita “ordainketa bikoiztuak” detektatu direla Bioenergia Ultzamaren aldetik eta “proiektuaren balizko gainfinantzaketa publikoa” egon dela.
Organo fiskalizatzailearen txostenak gainera Ultzamako Udala kritikatzen du, “legaltasun printzipioa bete ez duelako” eta ziurtatzen du plantaren “aurreproiektuaren, proiektuaren eta obra zuzendaritzaren kontratazioak lan horiek egin ondoren kontratatu zirela, kontratazio publikoaren oinarrizko printzipioak errespetatu ez zituen jarduera irregular bati estaldura formala emateko: publizitatea, gardentasuna, tratu berdintasuna eta diskriminazio eza alegia”.
“Kontratazioan eta ondorengo kontratuaren ematean ez zen legaltasunik egon ere, ez eta burututako azpikontratazioetan”, jarraitzen du testuak. Halaber, nabarmentzen da “kontratazio mahaiko bi kide proiektua idatzi zuten ingeniaritza enpresako ordezkari zirela, azkenean esleitu zen enpresak burututako plantaren eskemak proiektu horretan sartuz”.
Lau parlamentu taldeek kritikatu dutenez, “gaur egun planta industrial abandonatu bat dago, bere aktiboek inolako baliorik ez dutelarik” eta azpiegitura honetan “diru publikoko hiru milioi euro baino gehiago gastatu direla” egotzi dute. “Arazoa ez da konpondu, eskualdeko 24 abeltzantza ustiapenek, 3.659 abelbururekin, hondakinen kudeaketa sistema bat eskatzen jarraitzen baitute”, gaineratu du.