Itzuli

Geroa Baik, EH Bilduk eta PSN-PSOEk Iruñeko haur eta nerabeendako planaren egoeraren berri emateko eskatu diote gobernu taldeari

Udal taldeek Gizarte Zerbitzuetako zinegotziari eskatu diote orain arte egindako lana, planaren inguruko konpromisoak, egutegia eta arloak dituen giza baliabideak azaltzeko

    Patxi Leuza Patxi Leuza

    Geroa Bai, EH Bildu eta PSN-PSOE eta udal taldeek adierazpen bat aurkeztu dute Herritarren Aferetarako Batzordean, eta, bertan, "Haur eta nerabeendako planari buruzko diagnostiko bat" eskatu dute, "orain arte egindako lana, planaren inguruko konpromisoak, egutegia eta arloak dituen giza baliabideak zehaztuz".

    Udal taldeek azaldu dutenez, "Haurrendako Plana 2017ko maiatzean hasi zen egiten". Horrez gain, honako hau zehaztu dute: "2015ean, NUPeko ALTER  lan taldeak Iruñeko haurtzaroari buruzko diagnostiko sozial bat egin zuen, eta geroago, beste elkarte, ikastetxe eta profesional batzuen partaidetzazko diagnostikoekin osatu zen". Geroa Baik, EH Bilduk eta PSN-PSOEk adierazi dutenez, "Plana 2018ko ekainean onartu zen Udal Osoko Bilkuran, eta, ondoren, urte horretan bertan, Iruñea UNICEFen haurtzaroaren hiri laguna zela onartu zen".

    Adierazpenaren azalpen-zatian, udal-taldeek honako hau argitu dute: "2018 – 2022 Haur eta Nerabeendako Plana haur, gazte eta helduen eskaerak eta kezkak jasotzen dituen dokumentua da ". Era berean, honako hau nabarmendu dute: "orain arte egin diren ekintza guztiak eta 2022ra arte sustatu nahi direnak bateratzeko asmoz egin zen, haurren eta nerabeen eskubideak beren bizitzako esparru guztietan bermatzeko, bai eremu pertsonalean bai sozialean ere".

    Adierazpenean zehazten denez, "hainbat ekintza egin zituzten auzoetan, ikastetxeetan eta haurren ongizatearekin harreman zuzena duten elkarteetan". Halaber, "Kolektibo profesionaletako eta elkarteetako haurrekin, nerabeekin eta helduekin partaidetza-prozesuak bultzatu" zituztela adierazi dute.

    Errealitate horren aurrean, udal-taldeek Gobernu Taldeari eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziari eskatu diete Haurrentzako Planari buruzko informazio guztia berehala eman dezatela Herritarren Gaietarako Batzordean.

    Izena eman gure buletina jasotzeko