Itzuli

Geroa Baik Estatuko Gobernua premiatu du Aurrekontuen Egonkortasunerako eta Finantzen Iraunkortasunerako Legea bertan behera utz dezan

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Geroa Bairen parlamentu taldeak mozio bat aurkeztuko du Nafarroako Parlamentuko hurrengo Osoko Bilkuran Aurrekontuen Egonkortasunerako eta Finantzen Iraunkortasunerako Legeari (Madrilgo Gobernuak 2012ko apirilaren 12an onartua eta ezarria) bere gaitzespena agertuz, aldi berean Espainiako Gobernua premiatuz lege hori bertan behera uzteko beharrezko neurriak premiaz eta ahalik eta denbora tarte txikienean har ditzan.

    Pablo Azcona Molinet mozioaren proposatzaileak ziurtatu duenez, “Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen ezarpenak eta bere garapenak dakartzan mugaketak Nafarroako Foru Komunitatearen autonomia eta konpetentzien aurkako eraso zuzena dira”. “Lege honek izaera birzentralizatzaile nabaria du, herritarrei zerbitzua ematen dieten administraritza ezberdinen funtzionamendua hein handi batean murriztuz eta mugatuz”, azpimarratu du Geroa Baiko parlamentariak.

    Azconak nabarmendu duenez “krisialdiaren aitzakiarekin, autonomia eta toki gobernuek haien langileria plantillak beharrezko langileekin sendotzea eragotzi da, geroz eta handiagoak diren ezberdintasunei aurre egiteko, etxebizitza larrialdiaren aurka borrokatzeko edota modernizatzeko aukerak mugatuz, eta banketxeei ordaintzeko erabiltzen diren milioika euroko superabitak sortzera behartu dituzte, prekarizazioak eta ezberdintasunek gora egiten duten bitartean”.

    “Austeritate zorrotzaren ondorio diren birzentralizazio eta murrizketa sistematikoaren politiken aurrean, beharrezkoa da administraritzei autonomia eta ahalmen araugile gehiago ematea, gure kasuan Nafarroako Foru Komunitateko Administraritzari. Erakundeek baliabide horiek beharrezkoak dituzte kohesio soziala bermatzeko, ekoizpen sarea sendotzeko, langabezia murriztuko duen jarduera ekonomikoa sortzeko eta egoera okerrenean daudenei laguntza emateko”, ziurtatu du foru parlamentariak.

    Azkenik, Azconak Geroa Bairen konpromisoa agertu du “herri borondatez eta Legez dagokigun autonomiaren defentsan lanean jarraitzeko”. “Bere erakunde propioen administraritzarako eta antolaketarako Nafarroako Foru Komunitateak dituen konpetentzien aldarrikapena eta garapena horren adibiderik hoberena dira. Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak ahalmen hori usurpatzea eta Nafarroako administraritzak (Foru eta Tokikoak) irizpide ekonomiko eta aurrekontu irizpideen menpe jartzea ez da onargarria, bere funtzionamendu egokia eta inbertsio ahalmena eragozten baitute”, amaitu du.

    Izena eman gure buletina jasotzeko