Itzuli

Konfiantza politiko eza dela eta Iruñeko Geroa Baik Navarra Sumaren aurrekontuak ez dituela onartuko berretsi du

Herritarren beharrizan sozialei erantzuna ematera eta Iruñeko jarduera ekonomikoa bultzatzera bideratutako aurrekontu-aldaketa guztiak onartzeko konpromisoa mantentzen du udal taldeak

    Javier Leoz Javier Leoz

    Iruñeko Geroa Baik azaldu duenez “aurrekontu batzuen onarpenak esfortzu politiko handia dakar eta horretarako konfiantza politikoa sortzea beharrezkoa da, oraingoan gertatu ez dena alegia”. Udal taldeak bere erabakia argudiatu du, gaineratuz “Navarra Sumak ez duela udal taldeen lana errespetatu eta behin eta berriro hautsi ditu udal gehiengoak lortutako akordioak”. 

     

    Hala ere, Iruñeko Geroa Baik konfiantza eta lasaitasun mezu bat helarazi nahi die Iruñeko herritarrei. Halaber, pandemia honek pertsona askori oso modu kritikoan eragiten ari dionaren jakitun, udal taldeak “herritarren beharrizan sozialei erantzuna ematera eta Iruñeko jarduera ekonomikoa bultzatzera bideraturiko beharrezko aurrekontu-aldaketak onartzeko bere konpromisoa” mantentzen du. Gainera, onartezina deritzo “aurrekontu honek  haurtzaroari arretarako programan prebentzio taldeen desagerpena islatzea, hiriko haur zaurgarrienen egoera okertuko baitu horrek”.

     

    Iruñeko Geroa Baik argi utzi du “ ez dela egia gobernu taldeak aurrekontuak ez onartzeagatik defendatzen duen diskurtso katastrofista. Horren froga da iaz Navarra Sumak aurkeztu zuen 215,6 milioi euroko proiektua baztertu egin zela eta gaur egun 216 milioi euroko aurrekontu bat exekutatu izana. Edozein kasutan, arduragabekeria Navarra Sumarena izango litzateke, urte osoa baitarama udal gehiengoaren aurkakoa den norabidean lan egiten, akordioetara iritsi nahi gabe”.

     

    Aurten, Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak ezartzen zituen mugaketen altxatzearekin, Navarra Sumak inbertsioen kapituluan hazkunde sendoa duen 232 milioi euroko aurrekontu bat aurkeztu du. Alor guztien analisi xehe bat egin ondoren Geroa Baik adierazi duenez, “Navarra Sumak aurkeztutako aurrekontuak zeharo kontinuistak dira, berrikuntza nabarmenik gabekoak gaur egun exekutatzen ari direnekin alderatuz, inbertsioen kapitulua izan ezik, hori bai, ia 22 milioi euroko zor berri bat baimentzea proposatuz”. 

     

    “Iruñeko Geroa Baitik beti defendatu dugu Udalen ahalmena mugatzen zuen Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea aldatu zedin, baina beti esan dugu ere helburua zor maila mantentzea zela, ez hori handitzea, hau da, urtero amortizatzen zen zor bera kontratatzea”, argitu du udal taldeak.

     

    Iruñeko Geroa Baik hiriaren zorpetze mailaren areagotzearen alde egingo du, baina hiri proiektu moduan ulertzen dituenetan bakarrik, hau da, Santo Domingoko Baratzeak, Trinitarioen Zubia, Askatasunaren Plazaren inguruko ekintzak eta autobus geltoki zaharra. Gainera, argitu duenez “inbertsioei ohiko baliabideekin egin behar zaie aurre eta ez zorpetuz edo Udalaren diru-kutxa soberakinak xahutuz”. Halaber, udal taldeak argudiatu duenez “aurten aurrekontuen egonkortasunerako mugaketak altxatu direnez, eta horien artean, gastu araua, Iruñean aurreikusirik dauden inbertsio handietako baten bat egiteko unea da, aldi berean ohikoak dei ditzakegun gainontzeko inbertsioak konpasatuz ere”.

     

    Geroa Baik amaitzeko, “Santo Domingo Baratzeetako proiektua aurten hasteko gai izatearen beharra” azpimarratu du, “bizilagunentzako aparkalekua eta polikiroldegia dituen heinean, zeharo beharrezkoa den proiektua baita eta 2011 urteaz geroztik baitago Udal honetan egiteko zain”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko