Itzuli

Iruñeko Geroa Baik Maya alkatearen jarrera antidemokratikoa deitoratu du eta udal gehiengoei errespetua eskatu du

Patxi Leuza eta Javier Leoz Iruñeko Geroa Baiko zinegotziek Udalbatza abandonatu dute eta osoko bilkuretan, batzordeetan eta beste udal organoetan udal gehiengoak errespeta daitezen eskatu dute

    Patxi Leuza Patxi Leuza

    Patxi Leuza eta Javier Leoz Iruñeko Geroa Baiko zinegotziek Udalbatza abandonatu dute arratsalde honetan, osoko bilkuretan, batzordeetan eta beste udal organoetan udal gehiengoak errespetatu daitezen eskatzeko helburuarekin. Halaber, “Enrique Mayaren jarrera antidemokratikoa” kritikatu dute, “ez baitu gehiengoa errespetatzeko asmorik, nahiz eta Navarra Sumak udalbatzako 27 bototik 13 besterik ez dituen”. Era berean udal taldeak gogorarazi duenez, “errealitate instituzionalak ez dio Navarra Sumari gehiengo demokratikoa ematen berez, ez osoko bilkuran, ez beste batzordeetan ere, ez eta beste udal organo batzuetan ere”.

    Koalizioak Navarra Sumari eskatu dio “ez dezala zinegotzi baten dimisioa erabili hautestontzietan adierazitako errealitate instituzional demokratikoa aldatzeko”, eta “zinegotzi horren ordezkoak kargua hartu arte gehiengoa errespetatu daitezen” eskatu du ere.

    Zinegotzi baten dimisioa aprobetxatuz Navarra Sumak 2022ko aurrekontua onartzen badu Geroa Baik zentsura mozioa proposatuko duela eta, Mayak hori “txantajetzat” jo izanaren aurrean, Iruñeko Geroa Baik gogorarazi du “zentsura mozioa ekimen politiko zilegia dela, eta horrelakorik gertatuko balitz, justifikaturik egongo litzateke eta, hortaz, ezin da txantajetzat jo”.

    Azkenik, Iruñeko Geroa Baik amaitzeko adierazi duenez, “alkatearen justifikazio saiakera bat gehiago da, izan ere bere jardunbidea eta adierazpenak erabat antidemokratikoak dira”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko