Itzuli

Geroa Bai mundu munizipalista anitz hau entzuteko eta horren eskaerak jasotzeko gai den eragile politikoa da berriro ere

Koalizioak 113 zuzenketa aurkeztu dizkio Nafarroako Aurrekontuei, 40 udal baino gehiagorentzako eta sektore esparru ezberdinentzako inbertsioekin

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Geroa Baik 75 zuzenketa propio eta beste taldeekin batera izenpetutako beste 35 zuzenketa aurkeztu dizkie osotara 2024 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei, horiekin 40 udal baino gehiagorentzako eta sektore esparru ezberdinentzako inbertsioak proposatuz. Zuzenketek 3.526.000 euro batzen dute.

    UPN, PPN eta Vox alderdiek Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketak baztertu ondoren, Pablo Azcona Geroa Bairen parlamentuko eledunak ostiral honetan egindako prentsaurrekoan nabarmendu duenez, hiru talde hauek “mahaigainean alternatiba bat jarri baino, oposizioaren buru egoteko eskuinen arteko barne lehia bat” erakutsi zuten. “Ez zegoen alternatibarik”, horren ondoren ziurtatuz Geroa Baik “tinko jarraitzen duela lurralde honi egonkortasuna emateko planean, indar aurrerakoi, ezkertiar eta abertzaleen arteko elkarrizketan 9 urteko lanean, horrek egonkortasunerako errezeta ekarri duelarik”.

    Zuzenketa partzialen atalean, Pablo Azconak azaldu du Geroa Baik 40 toki erakunde baino gehiagoren onurakoak izango diren zuzenketak aurkeztu dituela, “Geroa Bai moduan presentzia dugun udaletan alegia”, baina baita ere “Nafarroa osoko beste udalerri askotan ere, alderdi handiek ordezkaritzarik ez duten horietan eta haien beharrei bide emateko modua Geroa Bain dutenak”.

    Azconak azaldu duenez, kultura, kirola, gai sozialak, irisgarritasun ekintzak, espazio publikoen hobetzea edo haurrentzako espazioen sorrera lantzen dituzten zuzenketak dira.

    Parlamentuko bozeramaileak ziurtatu duenez, Geroa Bai “mundu munizipalista anitz hau entzuteko eta horren eskaerak jasotzeko gai den eragile politikoa da berriro ere”.

    Gainera, “lurralde orekaren alde tokiko munduan egiteke dauden erreformei” aurre egin behar zaiela planteatu du, eta “Tokiko Administraritzak behar duen erreforma” aipatu du, bai eta “despopulazioaren lege baten onarpena, eta José Mari Aierdi kontseilariak lantzen ari duen Landa Garapenerako lege berria ere”.

    Bere aldetik, María Solana Geroa Baiko parlamentariak esparru sektorialean bere taldeak aurkeztutako beste zuzenketak xehetu ditu. Alor honetan, zuzenketa gehienak Eskubide Sozialen, Ekonomia Sozial eta Enplegu departamentuan kokatzen dira, bertan 230.000 euro batuz.

    Gainera, Kultura, Kirol eta Turismo departamentuarentzako, koalizioak zuzenketa ezberdinak aurkeztu ditu Duguna Dantza Taldearentzako, Tuterako udal liburutegiarentzako, Aralarko Mikel Deunarentzako, Santa Krizeko aztarnategiarentzako, Ermitagaña txirrindulari taldearentzako, Iruñeko Orfeoiarentzako edo Jorge Oteiza Museoa Fundazioarentzako.

    Euskara alorrean Euskarabidearentzako zuzenketak proposatu ditu, “euskararekiko sentsibilitatea eta bere sustapena babestuz, udal esparruan eta esparru sozioekonomikoan euskararen garapenerako laguntza programak, bai eta Nafarroako hizkuntzei buruzko ikerketa jardueretarako Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmenak ere”, Solanak azaldu duenez.

    Foru parlamentariak azaldu duenez, zuzenketa hauen helburua zera da; “politikak lurrera jaitsi, lurraldera eraman, hizkuntza politika proaktiboa burutu, euskaldunen beharrizanei erantzuna eman eta Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko administraritzak duen eginkizunari betekizuna eman”.

    Hezkuntzan, Tuterako Udalak Huertas Mayores ikastetxe publikoaren patioa estali ahal izateko zuzenketa bat planteatu dute, bai eta Iruñeko San Francisco ikastetxe publikoaren zaharberritzeari ekiteko beste zuzenketa bat ere.

    Gainera, familiei eskola garraioaren gastuan laguntzeko zuzenketa bat planteatu du ere Geroa Bai, zehazki haien seme-alabak Hegoalde ikastolara udalerri ezberdinetatik doazenak, hots Muru Artederreta, Campanas, Tiebas edo Beriango familientzako. Solanak azaldu duenez, Hezkuntza departamentuak ez ditu gastu hauek bere gain hartzen Noaingo ikastetxean D eredua dutela aitzakia moduan jarriz, baina bertan aldi berean Ingelera Ikasteko Programa ezartzen ari da ere. Parlamentariak azpimarratu duenez, familia hauek ez dituzte haien seme-alabak PAIra eraman nahi eta horregatik aukeratu dute Hegoalde ikastola.

    Osasun departamentura, Barne, Funtzio Publiko eta Justizia departamentura, Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialekora edo Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken departamentura bideraturiko zuzenketak aurkeztu ditu ere Geroa Baik.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko