Itzuli

Desgaitasuna duten pertsonen arretarako legea hobetzeko eta zehazteko zuzenketak proposatu ditu Geroa Baik

Indarkeria matxistaren biktimek bertan zehazten diren zerbitzuak, bai eta legea bera eskuratzeko irisgarritasuna bermatzeko proposamenak bultzatu ditu koalizioak

    Isabel Aranburu Isabel Aranburu

    Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen arretarako eta haien eskubideen bermerako Foru Lege Proiektua hobetzen eta zehazten duten zuzenketa ugari aurkeztu ditu Geroa Baik, zuzenketa horietako batzuetan CERMINen eskaerak jasoz. Isabel Aranburu koalizioko parlamentariak azpimarratu duenez, “Lege Proiektuak Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen eskubideen aitorpena NBEren Nazioarteko Itunean ezartzen den mailan egitea dakar, horregatik, araua ahalik eta osoena izan dadila nahi dugu”.

    Horrela, Hezkuntza Departamentuak Aniztasunaren Arretarako Plan bat landu eta eguneratua mantendu dezan proposatzen du Geroa Baik, planaren helburua hezkuntza inklusiboa izanik eta  hezkuntza-inklusioaren arretarako zentro bat eta baliabideak aurreikusiz ere, Foru Komunitateko hezkuntza zentroentzako erreferentzia izan dadin. 

    Desgaitasuna duten eta denbora tarte luzetan ospitaleetan edo haien etxeetan arreta behar duten ikasleentzako arreta pertsonalizatua bermatzea planteatzen da ere, haur bakoitzak bere hezkuntza zentroan dituen baliabide teknikoak eta giza baliabideak ahal den neurrian mantenduz, osasun baldintzak ikasgelara itzultzea ahalbidetu arte. 

    Bestalde, beste zuzenketa batek legearen araudiaren garapena burutzeko epeak zehaztea du helburu, artikuluetako batzuk sei hilabeteko epean ezarriz eta beste batzuk urtebetekoan, horrela araudiaren garapen ezak Legeari eraginkortasuna kentzeko aukera ekidinez, CERMINEk ohartarazi moduan. 

    Gainera, Desgaitasunaren Nafarroako Kontseiluaren eta Aukera Berdintasunerako Irisgarritasun Unibertsalaren Promoziorako Kontseiluaren funtzioei dagozkion proposamenak erregistratu ditu koalizioak, organo hauek funtzioak modu argian zehazteko helburuarekin. 

    INDARKERIA MATXISTAREN BIKTIMEK ZERBITZUAK ETA LEGEA BERA ESKURATZEKO IRISGARRITASUNA

    PSN-PSOEk ere izenpetu dituen zuzenketak bultzatu ditu Geroa Baik, horien artean bosgarren xedapen gehigarri bat nabarmenduz, horren bitartez, behin onartu ondoren, Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen arretarako eta haien eskubideak bermatzeko Foru Legea bera “irakurketa errazeko formatuan eskuragarri egon dadin, bai eta braille sisteman, keinu-hizkuntzan, hizki handietan eta/edo testua pertsona guztiei irisgarri egingo dien beste edozein formatutan”. Halaber, genero indarkeriaren biktimen arretara bideraturiko zerbitzuak erabat eskuragarriak eta irisgarriak izateko beste zuzenketa bat aurkeztu dute bi taldeek. 

    Zehazki, “larrialdietako zentroak, abegi-etxeak, pisu erresidentziak eta genero indarkeriaren biktimen arretara bideraturiko beste edozein zentro eta zerbitzu erabat irisgarriak izatea bermatzea bilatzen da, bai espazio fisikoei dagokionez bai eta desgaitasuna duten emakume guztientzako ematen den arreta profesionalari dagokionez ere, desgaitasuna edozein motakoa dela ere”. “Genero indarkeriaren biktima diren emakumeak gizarte arretatik kanpo ez geratzea da helburua, larrialdi egoera batetik hasita, osatze eta erreparazio prozesuaren amaierara arte”, amaitu du azpimarratuz Geroa Baiko parlamentariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko