Itzuli

Geroa Bai, PSN eta EH Bilduk lege proposamen bat erregistratu dute Erorien Momunentuarengan jardun ahal izateko

1936ko kolpe militarren ondorioz jazarpena jasan zuten biktimen aitortza eta erreparaziorako foru legearen aldaketa proposatu dute, frankismoaren sinbolo hau eraldatu ahal izateko nahitaezkoa baita hori

    Geroa Bai, PSN eta EH Bilduk lege proposamen bat erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta jazarpena jasan zuten Nafarroako biktimen aitortza eta erreparazio moralerako Foru Legea aldatu ahal izateko. Geroa Baik azpimarratu duenez, “lege erreforma hau nahitaezkoa da frankismoaren sinbolo honengan jardun ahal izateko”.
     
    Zehazki, lege proposamen honek “Gurutzadan eraildakoei Nafarroaren Monumentuari dagokion Xedapen Gehigarria” sartzea proposatzen du. Foru legean sartu nahi duten artikuluak dioenez “Gurutzadan eraildakoei Nafarroaren Monumentuak, Eroritakoen Monumentu bezala ere ezaguna denak, garai frankistakoa den sinbologia gehiena kendu ondoren eta bertan zeudenen deshobiratzeen ondoren ere, altxamendu faxistari eta ia 40 urte jarraitu zion erregimen frankistari gorazarre egiten dion propaganda totalitarioa islatzen du”
     
    Halaber, “monumentu honi loturik doazen erabilerak, gerran eta diktaduran jazo ziren giza eskubideen urraketa larrietara eraman zuten arrazoi eta inguruabarrak ezagutarazteko bakarrik izan daitezke, bai eta faxismo modu berriek demokraziarekin, aniztasunarekin eta justizia sozialarekin talka egiten dutenean sortzen diren arriskuei buruz gizarteari ohartarazteko eta hausnarketara eramateko, beste ezeren gainetik bizikidetzaren eta giza eskubideekiko errespetuaren garrantzia azpimarratuz. Hori guztia, Foru Lege honetako helburuekin harremana duen udal autonomia kaltetu gabe”.
     
    Proposamenaren hirugarren puntuan, “erregimen frankistaren garaipenaren gorazarrea diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barrualdeko margolanak ezkutatzea” planteatzen du. 
     
    Zioen azalpenean proposamen hau egiten duten parlamentu taldeek gogorarazten dutenez, “2016 urtean Nafarroako Gobernuak sinbolo frankisten behin behineko errolda onartu zuen eta sinbologia hori erretiratzeko Gomendioak ere, bertan Erorien Monumentua eta Iruñeko Udala agertuz. Era berean monumentuaren azpian dagoen kripta ehorzketa moduan ixtea eta Mola eta Sanjurjo generalen deshobiratzea onartu zen, bai eta bertan ehortzirik zeuden beste boluntario frankistena ere”. 
    “Eraikinari bere jatorrizko esanahia kentzeko eman diren aurrerapausoez gain”, diote proposatzaileek, “eraikin honi esanahi berri bat ematea beharrezkoa da, oroimen historiko kritiko baten mantentzearekin bateragarria izango dena”. 
     
    Halaber, Geroa Bai, PSN eta EH Bildu taldeek defendatu duenez, “eraikinaren erabilera eraldatzea proposatzen da, gerran eta diktaduran jazo ziren giza eskubideen urraketa larrien arrazoiak eta inguruabarrak ezagutarazteko, bai eta faxismo modu berriek demokraziarekin, aniztasunarekin eta justizia sozialarekin talka egiten dutenean dakartzaten arriskuei buruz gizarteari ohartarazteko eta hausnarketara eramateko, beti ere bizikidetzaren eta giza eskubideekiko errespetuaren garrantzia azpimarratuz”. Hori guztia, “Giza Eskubideen nazioarteko estandarrak betetzeko helburuarekin, oroimen kolektiboa ez ahaztera bideraturik eta tesi errebisionista eta negazionistak egotea ekidinez”, defendatu dute.

    Izena eman gure buletina jasotzeko