Itzuli

Geroa Baik 542.000 euro baino gehiagoko inbertsioak bultzatu ditu Pirinioetan Nafarroako aurrekontu orokorrei egindako zuzenketen bitartez

Koalizioak gainera 145.000 bideratu ditu Foru Erkidegoko aurre Pirinio eskualdean ekintzak burutzeko

    Geroa Baik 542.000 euroko balioa duten inbertsio eta proiektu ezberdinak bultzatu ditu Pirinioan 2023 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketen bitartez, lurraldea egituratzeko eta Nafarroako herritarren beharrizanei erantzuna emateko koalizioaren apustua finkatuz, herritar hauen bizilekua edozein izanik ere.

    Koalizioak gainera 145.000 euro bideratu ditu Foru Erkidegoko aurre Pirinio eskualdean ekintzak burutzeko, Artzibarren, Zangozan, Aibarren, Irunberrin, Azparren eta Artozkin partida eta proiektu ezberdinak proposatuz.

    Horrela, Zaraitzu Ibarrean, Geroa Baik 40.000 euroko partida bat sartu du Erremendiako lursailean ekintza ezberdinak burutzeko, aurreko urteetako kontu orokorretan ere koalizioak zuzenketa ezberdinak egin zizkiolarik proiektu horri.

    Jaurrietan, 30.000 euroko zuzenketa bati esker hilerriko horma-hobien inpermeabilizazioa eta zaharberritzea burutuko da; eta Garraldan 30.000 euroko partida batekin Garraldargi eguzki-ortuaren proiektua bultzatuko da.

    Geroa Baik Aurrekontuetan sartu duen beste proiektuetako bati esker Hiriberrin udal espazio bat eraberrituko da taberna/kafetegi, aterpetxe eta kulturgune moduan moduan erabili ahal izateko, horretarako 21.970 euroko zuzenketa bat bideratu delarik Hiriberri Lanean proiektuarentzako.

    Otsagabian, 40.000 euroko partida baten bitartez, ‘Zaraitzu Ibar’ udal egoitzan bizikidetza unitate baten sorrera proposatu du koalizioak; eta Luzaiden 35.000 euro bideratuko dira aparkaleku publiko bat egokitzeko.

    Piribizi proiektuarentzako dirulaguntzan 10.000 euroko igoera izan da Geroa Baik kontuetan sustatu duen beste inbertsioetako bat, proiektu horren helburua eskualdeko erronka demokratikoari aurre egitea delarik.

    Aurreko urteetan egin duen bezala, koalizioak Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteari babesa ematen jarraitu du, 18.000 euroko zuzenketa baten bitartez bere web orrialdearen eguneratzea eta Elgorriaga eta Orbaizetako museoetan hainbat hobekuntza egitea ahalbidetuz.

    Aezkoa Ibarreko diasporari buruzko liburu baten argitalpena da Geroa Baik kontuetan sartu duen beste proiektuetako bat, horretarako Iratiko Bortuak elkarteari bideraturiko 12.500 euroko zuzenketa bat proposatuz.

    Kulturaren esparruan ere, Elutseder Elkarteak Ameriketara joandako Erroibarko artzainei buruzko liburua argitaratzeko aukera izango du, koalizioak proposaturiko 13.500 euroko zuzenketa bati esker.

    Geroa Baik gainera, beste parlamentu taldeekin batera ere aurkeztu ditu zuzenketak. EH Bilduren kasuan, bi formakuntzek Abaurregainako Opossa patata biltegi zaharraren moldaketa sustatu dute, horretarako 174.000 euroko partida bat aurkeztuz.

    Halaber, parlamentu talde berberek 100.000 euro bideratu dituzte Erronkari, Otsagabia, Garralda, Auritz, Erro, Auritzberri eta Luzaideko udaletara, eskola kontzentrazioen funtzionamendu-defizita leuntzen saiatzeko helburuarekin.

    Elkarbanaturiko beste zuzenketetako bat, kasu honetan EH Bildu eta Podemosekin batera aurkeztua, Aezkoa, Auritz, Luzaide eta Erroko eskoletan jasangarritasunerako eta ondare naturalari buruzko ingurumen-hezkuntzarako hezkuntza-jardueretara bideraturikoa izan da, 18.000 eurorekin.

     

    AURRE PIRINIO ESKUALDEAN EKINTZAK

    Zangozak Enrique Albretekoa kaleko 13 zenbakiko orubea ibilgailuentzako aparkaleku moduan egokitzeko lanak burutu ahalko ditu 30.000 euroko zuzenketa bati esker; eta Aibarrek 20.000 euro bideratuko ditu udal eraikinetan plaka fotovoltaikoen instalaziorako.

    Geroa Baik gainera 25.000 euroko partida bat sartu du kontuetan Azparren eta Artozki artean bide bat egokitzeko, bai eta 10.000 euroko partida bat Aranzadi Zientzia Elkarteak Artzibarreko aztarnategi arkeologikoan bere lanak jarraitu ditzan.

    Azkenik, eta kasu honetan EH Bildurekin batera aurkeztutako zuzenketa baten bitartez, Geroa Baik Irunberriko Bordablanca Ekonomia Zirkularraren eta Lurralde Garapen Jasangarriaren Parkearen aldeko bere apustuarekin jarraituko du, Nafarroako Gobernuak Josenea Lan Elkartearekin sinatuko duen Hitzarmena 60.000 eurotan areagotuz.

    Nabarmendu beharra dago ekonomia zirkularraren lehen parkea dela Nafarroan, ikuspegi integral batetik hondakinen kudeaketa, enplegu sozialaren sorrera eta energia berdeen sorrera jorratuz, horiek lurraldearen autonomia eta gobernantza eredu moduan hartuz.

    Zuzenketa hauekin, Geroa Baik aurreko urteetan hasitako bideari jarraipena ematen zaio, kontuei egindako proposamenekin lurraldetik eta udal esparrutik hurbileko lanaren garrantzia azpimarratuz, eta aurrekontuetan parte hartzeko beste modu bat badela frogatuz, hamarkadetan zehar Nafarroako Kontu Orokorretatik kanpo egon diren udal askorentzako inbertsioak mesedetzen baitira.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko