Itzuli

Geroa Baik Altsasuko elkarte batean agertutako pintada faxistak gaitzetsi ditu

Geroa Baik Altsasuko elkarte gastronomiko batean agertutako pintada falangistak gaitzetsi ditu, eta oldartzea eta beldurtzea beste helbururik ez duten jardun eta eraso hauek onartezinak eta antidemokratikoak direla esan du.

Koalizioaren aburuz, pasarte hauek ez daude gaur egungo nafar gizartearen heldutasun demokratikoarekin bat eta denboraz zein tokiz kanpokoak iruditzen zaizkigu.

Zentzu horretan, Geroa Baik gogorarazi du azken hilabeteotan horrelako eraso gehiago egin direla, bai Altsasun bai eta Iruñean ere, eta deitoratu du gizartearen zati bat oraindik elkarrizketaren, bakearen eta bizikidetzaren bidetik aurrera ez egitea, gizartearen gehiengoak eskatzen duen moduan.

Koalizioak adierazi duenez horrelako erasoek oraindik bake eta bizikidetza alorrean egin beharreko bide luzea frogatzen dute, eta adierazi du horrelako ekintzek ez dutela zentzu horretan egiten ari den lana ezertan laguntzen.

Azkenik, Geroa Baik elkarrizketaren, berdinen arteko errespetuaren eta demokraziaren aldeko apustua berretsi du, oldarkeriaren, erasoen edo mehatxuen alde egiten dutenen aurrean, zeharo koldarra delako. 

Izena eman gure buletina jasotzeko