Geroa Baik azalpenak eskatu ditu Polizia Nazionalak Sanferminetan Altsasuko gazteen aldeko kamisetak zituzten hiru pertsonekin izandako jarreraren gainean
Komunikabide ugaritan asteburu honetan agertutako informazioen aurrean, Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan Informazio Eskaera bat erregistratuko du Nafarroan Gobernuaren Ordezkariari zuzendurik, Carmen Albari alegia, honakoa eskatuz; pasa den asteburuan San Fermin jaietan hiru pertsona identifikatu eta galdeketa egin zieteneko “Polizia Nazionaleko agenteek egindako diligentzia guztien kopia osoa”, hiru pertsona horiek Altsasuko kasuan espetxeratutakoen aldeko kamisetak zermatzaten eta, zehazki “Altsasukoak aske” leloarekin.
Komunikabide ugaritan agertutakoaren arabera polizia jardueraren arrazoia legez kontrako leloa zeraman kamiseta eramatea zela kontutan hartuz, koalizioak ere “balizko arau-haustea oinarri duen legeen azalpen zehatza” eskatu du, pertsona hauek Iruñeko komisaldegira eraman baitzituzten, bertan galdeketa egin eta ondoren aske utzi baitzituzten agian 600 euroko zigor ekonomiko bati aurre eginez”.
Informazio eskaera, Unai Hualde Geroa Baiko parlamentariak sinatua eta Parlamentu Taldeko Bozeramaileak berretsia, hots Koldo Martínez, Ganberako 14.4 artikuluan du oinarria, bertan ezartzen baita foru parlamentariek eskubidea dutela eskatzeko, Ganberako Lehendakariaren bitartez eta bere Bozeramailearen ezagutzapean, Estatuko Administraritzako agintari, organismo eta erakundeei buruzko informazioa.
Ekimena sinatzen duen Geroa Baiko parlamentariaren arabera, hots Unai Hualde, ekintza mota hauek “zentzugabekeriaz zentzugabekeria goazen kasu baten inguruan tentsioa areagotu besterik ez dute egiten. Azkena, Fiskaltzak kausapean dauden zortzi gazteei egindako zigor eskaera zeharo neurrigabea. Badirudi Nafarroan bizikidetza normalizatu eszenatokirik ez finkatzeko tematurik sektoreak daudela eta edozein neurrigabekeria burutzeko prest daudela horretarako. Ez dute lortuko”. Halaber, espero du “gertakizun hau inflexio puntu bihur dadin eta istorio guzti honetan zentzua eta proportzionaltasuna gailetzen has daitezen”.
Unai Hualde