Itzuli

Geroa Baik benetako berdintasunarekin eta indarkeria matxistaren edozein moduren deuseztapenarekin bere konpromisoa berresten du

Genero indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta

    Azaroak 25 dela eta, NBEak ‘Emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko Nazioarteko Egun’ moduan aldarrikatua, Geroa Baik emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunarekin eta indarkeria matxistaren edozein moduren deuseztapenarekin bere konpromiso sendo eta tinkoa berresten du.

    Koalizioaren arabera “emakume eta neska gazteen aurkako indarkeria oinarrizko eskubideen urraketa da, bai eta diskriminazioaren adierazpenik krudelena ere, emakumeengan neurrigabeko eragina duelarik emakume izate hutsagatik”.

    Zentzu honetan, “sektore arteko lanaren garrantzia” azpimarratu du koalizioak, “gizon eta emakumeen arteko desberdintasun ardatz guztiengan arreta jarriz, hala nola arraza, adina, etnia, sexu orientazioa, landa eremuan bizitzea, desgaitasun egoera eta abar”.

    Geroa Baik deitoratu duenez, “gizarte moduan egiten ari ditugun aurrerapausoak handiak izan arren, emankumeen aurkako indarkeriak gure errealitatea hondatzen jarraitzen du eta hori deuseztatzeak erakunde publiko guztien eta gizarte osoaren konpromiso irmoa behar du”.

    Koalizioak gogorarazi du 2022 urte honetan zehar jada 38 emakume hil dituztela Espainian genero indarkeria medio. Osotara 1.171 emakume hildako dira haien bikote edo bikote ohiek hildakoak 2003az geroztik, datuak erregistratzen hasi zen urtetik alegia. Geroa Baik bihotzez oroitzen ditu emakume horiek guztiak eta bere elkartasuna helarazi nahi die haien senitarteko eta lagunei, eta modu berezian Sara Pina ekarri du gogora, pasa den urtarrilaren 7an Tuteran (Nafarroa) labankadaz hildako emakumea. Halaber, erasoak jasan dituzten emakume guztiei eta haien seme alabei elkartasuna helarazten die ere.

    “Ukaezina den eta denoi eragiten digun errealitate baten aurrean gaude, eta horrek emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko ekintza argi eta erabakigarrietara jotzera behartzen gaitu, bai eta horrelakoak onartzen, justifikatzen edo banalizatzen dituzten jarrera sozialak deuseztatzeko ere”, azpimarratu du Geroa Baik. “Matxismoari aurre egiteko esfortzuak areagotzea beharrezkoa da, bai eta indarkeria matxistak onartzen eta errepikatzen dituzten jarrera, jarduera eta jokabideak gizarte mailan gaitzestea ere”, ziurtatu du koalizioak.

    Zentzu horretan, “gizonezko guztiek emakumeenganako indarkeria mota guztien aurrean konpromiso eta jarrera aktiboak hartzearen” garrantzia azpimarratu du koalizioak, eta azken urteotan tokiko erakundeetatik egindako gizonezkoen sentsibilizaziorako lan handia nabarmendu du, bai eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren “Nosotros-Noski” programa ere.

    Azkenik, Azaroak 25 egunerako antolatutako ekitaldiekin bat egiten duela iragarri du Geroa Baik eta deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak, “ezinbestekoa baita emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena eta horren deuseztapenarekin konpromisoa ikusaraztea”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko