Geroa Baik bere kezka agertu du Nafarroako unibertsitateen udako ikastaroen edizio berriak euskarazko eskaintzarik ez duelako
Finantzaketa publikoa jaso ahal izateko baldintza izatea proposatu du koalizioak
Geroa Baik bere kezka eta tristura agertu ditu Nafarroako Unibertsitateen Udako ikastaroen XXIV Edizioak euskarazko ikastaro bakar bat ere ez duela jakin ostean. NUPek, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroan UNEDek dituen bi zentroek eskainitako 43 ikastaroetatik ez dago euskarazko bakar bat ere.
Koalizioak azaldu duen moduan, “Nafarroako unibertsitateen sentikortasun falta ez dugu ulertzen, horietako batek bere erakundean euskara plana izanik gainera; bere eskaintzan, Nafarroa osorako dena gainera, euskarazko proposamenen bat edukitzea gustatuko litzaiguke, eta modu konbentzitu eta boluntarioan izatea. Baina borondaterik ez dagoela argi dagoenez, gure ustez Nafarroako Gobernuak euskarazko gutxieneko eskaintza finkatu beharko luke finantzaketa publikoa lortzeko baldintza moduan (100.000 euro osotara), aurretik foru administraritzatik hala egin baita, bide batez esatearren”.
“15/19 legealdian, eskaintzen ziren ikastaroetatik gutxienez bat euskaraz izatea ezarri zen. Zifra hori gainditu zuenik egon zen, eta denek bete zuten gutxieneko hori. Denborak aurrera egin ahala zifra hori handitzea zen asmoa. Kupo hori hobetzea erraza zirudien; baina, hobetzetik urrun, okerrera jo du, ia ezinezkoa zirudiena”, ziurtatu dute Geroa Baitik.
Koalizioak jakin ahal izan duenaren arabera, NUPek euskarazko monografiko batekin hartuko du parte Euroeskualdeak antolatu dituen Udako Ikastaroetan; batera. Era berean, NUP-ek eta UNED Iruñeak Nafarroan ikastaro bat edo gehiago euskaraz eskaintzeko konpromisoa agertu dute uda amaitu aurretik.
Geroa Baik Nafarroako unibertsitateak premiatu ditu “gure hizkuntza propioarekin sentikortasun nahikoa ager dezaten eta euskaraz programatu dezaten ere, Nafarroako herritarrei, bere kulturari eta bere hizkuntzari zor zaion errespetuagatik eta arauturik dagoen euskararen sustapenarekin bete dezaten ere”.