Itzuli

Geroa Baik biktimekin duen konpromisoa nabarmendu eta konpetentzia integraldun Foruzaingoa aldarrikatu du Koldo Martínezek

Senatari autonomikoak ziurtatu duenez beharrezkoa da demokrazian sakontzea eta Zigor Kodea preso guztiei ezarri behar zaiela gogorarazi du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Geroa Baik biktimen eta giza eskubideen defentsan duen konpromiso tinkoa gogoratu du Senatuan Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak.

    Terrorismoaren prebentziorako airelineak bidaiarien datuak ematera behartuko dituen lege berri baten eztabaidan, Koldo Martínezek gogorarazi duenez Uxue Barkos buru izan zuen exekutiboa izan zen lehenengo Biktimen Arretarako Bulegoa martxan jarri zuena. “Geroa Baiko emakume eta gizonentzako, posizionamendu ideologikoa eta terrorismoaren aurkako borroka, bizitzaren, askatasunen eta demokraziaren defentsan egunero eta etengabe jarduten diren jokabide eta lanarekin egiten da. Horrela ulertu eta defendatu dugu beti”.

    Geroa Baiko senatariak egindako hizktaldian gogorarazi duenez “lege hau landu zuen Barne Batzordean, norbaitek Espainian zegoen botere banaketa urriari buruz hitz egin zuen. Ikuspuntu triste eta mingarri hau gure egiten dugu. Altsasukoa bezalako kasuetan, Zigor Kodea Posta Kodea bailitzan ezarri da. Adierazpen askatasuna orduan orduko Gobernuaren aldetik murriztua izan da. Hortxe dago Mozal Legea, oraindik ere indargabetu gabe... Honakoa, hobetzeko asko dugun beste esparru bat da, terrorismoaren deuseztapenean eta demokraziaren sakontzean aurrera egiteko. Hala nola, gaur egun oraindik ere, bere buruaz beste egiteko saiakerak eduki dituzten presoak ez kaleratzea modu horretan tratamendu egoki bat jarrai dezaten eta horrela behar ez luketen heriotzak ekidinez, hori Zigor Kodeak ahalbidetzen duela ulertzen baitugu”. Une horretan, Nafarroako senatariaren hizketaldia “asesino” oihuekin eten dute eskuineko jarlekuetatik.

    Koldo Martínezek irmotasunez erantzun die irainei. “Ez dut iraultza bat eskatzen -erantzun du Geroa Baiko senatariak hemizikloko eskuinaldera begira-. Hemen onartu zen Zigor Kodea ezar dadin eskatzen dut, besterik ez, hiltzaileentzako eta ez direnentzako indarrean baitirau. Iraintzea oso erraza da. Zaila eta konplikatua dena demokrazian sakontzea da, eta horretarako gaude hemen”.

    Geroa Baiko senatariak modu positiboan baloratu du bidaiarien izenen erregistro legearen azkeneko testuak, derrigorrez ezarri beharreko Europako direktiba batetik zetorrena alegia, Foruzaingoa, Ertzaintza eta Mossoak gainontzeko polizien maila berean jartzea datu horiek eskuratzerako orduan. “Guk Geroa Bain beti defendatu dugu hori. Foruzaingoa polizia integral bat izatera iritsi dadila espero dugu eta honakoa norabide horretara jotzen duen pauso ona da”, azpimarratu du bere hizketaldiaren amaieran.

    Izena eman gure buletina jasotzeko