Geroa Baik “Erriberaren garapenaren datu objektiboak” baloratu ditu “oposizioak bakarrik ikusten dituen politika identitarioen” gainetik
Geroa Baik “Erriberaren garapenean datu objektiboak” baloratu ditu gaur “oposizioak bakarrik ikusten dituen politika identitarioen” gainetik eta foru Exekutiboak Nafarroako Ubidea edo prestazio handiko trena bezalako azpiegituren alde egindako apustua nabarmendu du. Horrela adierazi dute gaur Koldo Martínez eta Rafa Eraso koalizioko parlamentariek Erriberan egin duten prentsaurrekoan.
Biek azpimarratu dute “Erriberak aurrera egiten jarraitzeko behar den lana, adierazle ugariren arabera, Nafarroan egoera sozioekonomiko okerrena duen eskualdea baita”. Hala ere, zehaztu dutenez “datuen arabera Nafarroako Gobernuak hobekuntzak egin ditu eta aurrerapen horiek kudeaketa zuzen baten fruitu dira”.
Zehazki, Martínezek nabarmendu du Foru Exekutiboak “enpresa txiki eta ertainentzako bere finantzaketaren %35 erabili duela Erriberako enpresetan” eta “eskualde horretarako Osasungintza aurrekontua %36 handitu duela”. Halaber, parlamentuko eledunak beste datu batzuk azpimarratu ditu, hala nola “Erriberan langabeziaren beherakada %12koa izan dela azken urtean, Nafarroako bataz bestekoaren bi puntu gainetik, %10koa eta Espainiakoaren lau puntu gainetik, %8koa”. Era berean, “Erriberako Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko erabilitako diruak %64 egin duela gora” nabarmendu du, “babestutako enplegu sozialean %313ko igoera” edota “eskualdean kontratazioetan %79ko gorakada”.
Bestalde, parlamentariek berretsi dutenez Nafarroako Gobernuaren apustua Erriberarentzako azpiegitura estrategikoak aurrera ateratzea da, hala nola Nafarroako Ubidea eta Prestazio Handiko Trena. “Ubidearen kasuan, Gobernuak bigarren fasearen aldeko apustu argia egin du, dimentsionatutako ubide batekin, beharrizanen araberakoa eta erabiltzaile zein administraritzarentzako preziorik hoberenean”, azaldu du Rafa Erasok. Parlamentariak ere azaldu duenez SODENAk, hots Nafarroako Gobernuko enpresa bizkortzaileak, “Erriberako proiektu eta enpresei laguntza eman die, hala nola Vectia (Castejon), Jofemar eta Dynamobel (Azkoien) edo Segura Taylor (Caparroso)”.
PHT dela eta, Koldo Martinezek gogorarazi du “Foru Exekutiboak Sustapen Ministerioari egindako kontraproposamenak korridorea Castejon eta Tuterako Nekazalelikadura Hiriarekin lotzeko konexio logistikoa proposatzen duela eta ministerioaren eskaintza “eskasa” gainditzen duela hortaz.
ERRIBERAREN GAINEKO OSOKO BILKURA MONOGRAFIKOA
Martínezek eta Erasok Erriberaren gaineko osoko bilkura monografikoa ere aipatu dute, pasa den urriaren 6an Nafarroako Parlamentuan egin baitzen eta haien iritziz, PPN eta UPN alderdiek “ez dute afera identitarioa beste diskurtsorik”. Osoko bilkura monografiko hartan aurrera ateratako ebazpen ezberdinak aipatu ditu Erasok, Erriberaren etorkizunarengan eragina baitute ekonomia, osasungintza, bizikidetza edota landa garapen alorretan.
Horri buruz, Koldo Martinezek deitoratu du “ganberako talde politiko guztien proposamenak onartu izana UPNrenak ezik”. Datu horrek, bere iritziz “UPNko ordezkariei planteatu beharko lieke beste formakuntzekin adostasunetara iristeko duten gaitasun eza”.
Azkenik, Martínezek bere atsekabea agertu du “osoko bilkura horretara entzule moduan joan ziren Erriberako udalerrietako UPNko ordezkari ugari ‘arrapaladan’ joan izana parlamentarietako bat euskaraz hitz egiten hasi zenean”. “Ez dakit zer egin ote dugun gaizki talde politiko guztiek egoera hau gertatzeko. Berehalako itzulpenaren aukera badago, etsaitasun keinua eta ekintza tamalgarria iruditzen zaigu”, ondorioztatu du.
Vía Efe.