Itzuli

Geroa Baik Europako Kontseiluaren txostenarekin bat egiten du eta Euskararen aldeko neurriei anbizioz ekitera animatu du gehiengo aurrerakoia

Indar politiko jakin batzuek modu arduragabean hainbestetan errepikatu duten euskararen inposaketaren kontakizun faltsu eta interesatua zalantza izpirik gabe gezurtatzen du

    Nafarroako errealitate linguistikoari buruz Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak egindako txostenaren analisi eta ondorioekin bat egin du Geroa Baik. Koalizioak azpimarratu duenez, “Europako Kontseiluak berretsi egin du 2015 urteaz geroztik inflexio puntu bat egon dela Nafarroako hizkuntza politiketan, baina egiturazko hobekuntza neurriak egiten jarraitzeko beharra ez du ezkutatzen, ezta ere horiei anbizioz ekiteko beharra ere”.

    “2017-2021 epealdia jasotzen duen txosten honetan adituek egiaztatu dutenez, hobekuntza hauen ezarpen erritmoan dezelerazio bat ikusi da, 2019ko gobernu aldaketaren ondorioz”, azpimarratzen du. Errealitate honen aurrean, Geroa Baik beste behin ere deia egiten die “parlamentuko gainontzeko indar aurrerakoiei, bereziki Nafarroako gehiengo aurrerakoiari, anbizio hori berreskuratu dezagun, Adituen Batzordearen proposamenen ildo berean”.

    Koalizioak azaldu duenez, txostenak “duela 5 urte bere beste txostenean adierazi zuena berresten du, orduan erakundeek euskararen funtsezko alorrei ematen zien tratamendua goraipatuz, hala nola komunikabideei, euskaltegiei edo euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten elkarteei. Era berean, 2015 urteaz geroztik hizkuntzaren ospea eta erabilera sustatzeko burututako politiken garrantzia azpimarratzen da”. Hala ere, koalizioak gogorarazi du “adituek aipatutako aspektu negatiboen artean bat nabarmentzen dela; lehen aldiz hizkuntzaren zonifikazioa aipatzen da lehen aldiz”. Zehazki, zonifikazio horretatik eratorritako oztopoak deuseztatzea proposatzen du txostenak, Euskarak Nafarroan behar duen babes-maila areagotzeko helburuarekin. Horregatik guztiagatik, “indarrean dagoen legedia aldatzeko akordioetara iristeko Nafarroako Parlamentuaren gaitasuna” aldarrikatu du Geroa Baik, “horrela, euskarak Nafarroa osoan ofizialtasun estatusa lor dezan, gizarteak jada gainditu duen hizkuntza zonifikazioa desagerraraziz”.

    Era berean, eta adituen gomendioen ildo berean, “administraritzan, osasungintzan eta gizarte-laguntza alorretan euskararen erabilera bermatzeko neurriekin konpromisoa” berretsi du koalizioak. Zentzu honetan, Nafarroako Gobernuak Departamentuetako Hizkuntza Planak aurki onartuko dituen une honetan, “herritarrentzako benetako arreta elebiduna” lortzeko modurik onena dela adierazi du Geroa Baik, horregatik Nafarroako Gobernua premiatu du “prozesu hau lehenbailehen burutu dadin”. Halaber, adituen arabera, hezkuntza alorrari dagokionez, “Lanbide Heziketan eta Unibertsitate Publikoan euskarazko eskaintza hobetzeko beharra” dago, eta aldarrikapen horrekin bat egin du koalizioak.

    Bestalde, “indar politiko jakin batzuek modu arduragabean hainbestetan errepikatu duten euskararen inposaketaren kontakizun faltsu eta interesatua zorroztasunetik gezurtatzen du erabat”. “Organo independente eta ospedun batek landutako dokumentu honek diskurtso euskarafobikoetan hainbestetan errepikatzen diren mehatxu faltsuak ukatzen ditu”, ziurtatu du.

    Estatuko administraritzari dagokionez, koalizioak baita ere nabarmendu du “euskal hiztunon eskubideen benetako aitormenerako beharrezkoak diren neurriak ezartzeko, gobernu zentral ezberdinek erabateko borondate politiko eza” agertu dutela. “Honakoa justiziarena bezalako alorretan ikusi da, bai eta administraritzako leihatila ezberdinetan hizkuntza propioen gabezian edo ETB3 Nafarroa osoan jaso ahal izateko borondate faltan”, azpimarratu du. Honen aurrean, Geroa Baik ziurtatu du “eskaera hauen eta beste askoren alde lan egiten” jarraituko duela, “hala nola plataforma digitaletan euskarak presentzia gehiago eduki dezan edo NAN elebiduna ezartzeko, Estatuak behingoz eskaera hauei erantzuna eman diezaien, ezin baitu milaka nafarron eskubideen aurrean entzungorrarena egiten jarraitu”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko