Itzuli

Geroa Baik Europako merkataritza politiken berrikusketa eskatu du berriztagarriak edo automozioa bezalako sektoreen bideragarritasuna bermatzeko

Mikel Asiain parlamentariak azpimarratu duenez espainiar Estatuak Europako Kontseiluko presidentetza edukitzea “aparteko aukera da” Europako merkataritza politiketan araudi aldaketak planteatzeko

    Mikel Asiain Mikel Asiain

    Geroa Baik Europako merkataritza politiken berrikusketa eskatu du, araudi murriztaile batek Nafarroarentzako garrantzia berezia duten sektore industrialekin amaitu ez dezan, hala nola automozioarekin edo energia berriztagarriekin. Mikel Asiain parlamentariak mozio bat defendatuko du Nafarroako Parlamentuak egingo duen hurrengo Osoko bilkuran, horren bitartez beharrezkoak diren araudi aldaketak egitea eskatuz, espainiar Estatuak Europako Kontseiluko presidentetza duela aprobetxatuz.

    Asiainek honi buruz esan duenez, “Europako industriaren esparruan dagoen lehia muturreko egoera iristen ari da eta gaur egun existitzen diren enpresa askoren biziraupena kolokan jartzen ari du”. Aldi berean, Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi du egoera hau jada beste sektoreetan gertatu zela, “tokiko enpresen desagerpena eraginez eta kanpoko enpresekiko menpekotasuna sortuz, hori agerikoa izanik zoritxarrez COVIDak sortutako pandemiaren hasierako uneetan eta une gogorrenetan ere”.

    Zentzu honetan eta adibide gisa automozioa eta berriztagarriak aipatzen ditu, “gure Komunitateko ekosistema industrialean bi sektore garrantzitsuenetakoak baitira” eta, Asiainek azpimarratu duenez, “beste kontinenteetako enpresen mehatxupean daude”. Horrela, Txina bezalako herrialdeetan “Europako enpresek txinatar Estatuaren aldetik kontrol zorrotzak dituzte bertan ezartzeko, baina herrialde asiatarreko enpresak Europan ezarri ahal izateko ez da gauza bera gertatzen eta merkatu kuota apartak lortzen dituzte kontinente zaharreko industriaren kaltetan”

    Asiainek gogorarazi duenez “merkataritza politika Europar Batasunarena den eskumena izan arren, eta hortaz, EB izan, eta ez Estatu kideak, merkataritza alorrean legeak egiten dituena eta nazioarteko merkataritza akordioak sinatzen dituena”, beharrezkoak diren neurriak sartzeko bultzatu daiteke. Gainera, honakoa une ona dela deritzo, izan ere “espainiar Estatuak uztailetik du Europako Kontseiluaren presidentetza -abendura arte edukiko du-, eta gure ustez aukera garrantzitsua da hori lege eta araudi aldaketak lehenbailehen eta premiaz planteatzeko, Europako industriaren interesak babesteko helburuarekin”.

    Modu honetan, datorren ostegunean Ganberako osoko bilkuran parlamentariak defendatuko duen mozioan Nafarroako Gobernua premiatuko du Estatuko Gobernuari eska diezaion honek Europako Kontseilua premia dezan amankomuneko Europako merkataritza politikaren berrikuspena egitera, 2021ean jada hasitako prozesua alegia, horrela inportaturiko produktuak Europar Batasunean salneurri zuzen eta bidezkoan saltzea bermatzeko, horien jatorria edozein izanik ere, eta gure industria atzerriko enpresen konpetentzia desleialetik babesteko eta horri aurre egiteko, hots dumpinga eta dirulaguntzen kasuan.

    Era berean Estatuko Gobernua premiatzen da Europako Kontseiluan aukera berdintasuna bermatzeko araudi aldaketak eskatu ditzan, horrela enpresa europarrak, Enpresa Txiki eta Ertainak bereziki, jardunbide komertzial desleialek kaltetzea ekiditeko.

    Eta, azkenik, Europako Kontseilua premiatzen da Europako amankomuneko merkataritza politika berriak bere esku dituen tresna guztiak erabil ditzan justizia soziala eta ingurumenaren jasangarritasuna babesteko, zehazki trantsizio ekologikoaren babesean eta balio kate arduratsu eta jasangarrien sustapenean.

    Izena eman gure buletina jasotzeko