Geroa Baik hautetsiekin lan saioa egin du
Udal ikuspuntutik egungo egoera politikoa analizatu dute jardunaldian, Promozio Ekonomikoko Guneen Foru Legea modu berezian jorratuz

Geroa Baik hautetsiekin lan saioa egin du gaur bere Iruñeko egoitzan. Jardunaldian koalizioko foru parlamentariak, alkateak eta zinegotziak bertaratu dira, bai eta Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta Nafarroako Parlamentuko presidentea ere.
Lan saioan zehar egungo egoera politikoaren analisi zabala egin dute eta udal esparruan egun diren kezka nagusiak jorratu dituzte ere, hala nola industria, osasungintza, etxebizitza eta despopulazioa. Topaketa honekin, koalizioak “zorroztasunez burututako politika” aldarrikatu nahi izan du, “konbikzioz, printzipioekin eta herritarrengandik hurbil dagoen politikagintza, horrelakoa baita udal politika, geroz eta espazio gehiago irabazten ari duen politika populista eta demagogikoaren aurrean”.
Halaber, topaketan zehar “Nafarroaren egonkortasun politiko eta ekonomikoaren garrantzia” azpimarratu dute, “bertan Geroa Bai funtsezkoa eta ezinbestekoa den eragile moduan aldarrikatuz”. Zentzu honetan, berriki eman den aurrekontu eta zergen negoziaketaren garrantzia azpimarratu du koalizioak, bai eta “koalizioak Nafarroarentzako dituen lehentasun nagusiak islatzen dituen aurrekontu eta zerga neurri proiektuak lortzeko” Geroa Baik jardun duen paper garrantzitsua ere, lege arau horiekin “lurraldearen egituraketa eta gizarte kohesioa bermatzen baitira, bai eta Nafarroaren sendotze ekonomiko eta soziala ere”. Ildo honetan berean Geroa Baik nabarmendu duenez, “Nafarroak hamargarren urtez jarraian aurrekontuak edukitzea berebiziko garrantzia du, are gehiago optika aurrerakoi eta plural batetik landu direlako”. Egoera hau “udal alorrean errepikatzea” espero du koalizioak, bereziki “Geroa Bai alkatetzan dagoen udalerrietan, hots Altsasun eta Zizur Nagusian”.
Halaber, lan saioan arreta berezia jaso du Promozio Ekonomikoko Guneen Foru Legeak. Mikel Irujo kontseilariak azaldu duen moduan, lege honek “hurbiltasuneko merkataritza minoristaren sustapena eta promozioa ditu helburu, eta Nafarroako merkatarien elkarteekin elkarrizketa prozesu luze baten fruitu izan da. Promozio Ekonomikoko Guneak tresna berriak dira gaur egun hiriko eta hurbiltasuneko merkataritza bultzatzeko ditugun tresnek dituzten mugak gainditzeko”.
Azkenik, bileraren baitan koalizioko hautetsi ezberdinen arteko koordinazio mekanismoak jorratu dira eta erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu da ere, Nafarroak aurre egin beharreko erronka haundien aurrean ezinbestekoa baita.