Geroa Baik Hitzarmenaren Legea aldatzea proposatu du Nafarroak Estatuko zorraren interesak bere egin ez ditzan
Mikel Asiain parlamentariak ziurtatu duenez “Estatuko zorrak aportazioaren kalkuluan duen zama ikaragarria eutsiezina eta bidegabea da Hitzarmenaren logikatik begiratuta”
Geroa Baik ekimen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan Hitzarmenaren Legea aldatzeko helburuarekin, modu horretan, azken hamabost urteetan modu esponentzialean hazi den Estatuko zorraren interesak Nafarroak bere egin ez ditzan.
Mikel Asiain koalizioko parlamentariak ziurtatu duenez, “azken hamabost urteetako finantza politikak zor publikoa BPG baino zifra handiagoetara eraman du, horrela interesen eta amortizazio kuoten zenbatekoak zama ikaragarria edukiz aportazioaren kalkuluan, hori eutsiezina eta bidegabea bihurtuz Hitzarmenaren logikatik begiratuta”.
“Nafarroak Hitzarmen bidez Estatuari egiten dion aportazioa ezin da modu esponentzialean hazi Estatuaren zorpetze gradual eta geldiezina dela eta, bere zorrak 1,3 bilioi baino gehiagokoa baita, BPGren %114 izanik”, nabarmendu du Geroa Baiko parlamentariak.
Parlamentariak gogorarazi duenez, 2019an, azken epealdia amaitu zen urtean alegia, “Hitzarmen bidez Estatuari egindako aportazioa 548 milioikoa izan zen, 2015 urtearekiko %10 murriztuz, bi administraritzek 2017ko abendu amaieran adostutako aportazioaren eguneratzea dela medio, hura benetako negoziazio bat izan zelarik, ez aurrekoen moduan, Estatuak emandakoa derrigorrean hartuz”. “2020 urtean gai bererako 585,6 milioi aurreikusi ziren eta 2021 urterako 560 milioi aurreikusi dira aurrekontuetan”, gaineratu du.
Asiainek azaltzen duen moduan, “Nafarroak Estatuari egiten dion ekarpena Foru Komunitateak Estatuko karga orokorren finantzaketan duen partaidetzari dagokion urteroko aportazio bat da, hori Foru Komunitateak bere eginak ez dituen Estatuko karga guztiengan eta haiei dagozkien konpentsazioengan inputazio indizea aplikatuz zehazten delarik. Bere egin gabeko kargak, Nafarroak zuzenean burutzen ez dituen konpetentziei dagozkienak dira”.
“Hitzarmena gure foruaren oinarria da; Estatuarekin dugun harreman ekonomikoaren funtsean dauden eskubide eta betebeharren sorta, eta gure aportazioaren oinarria birnegoziatzeko berandu gabiltza berriro ere, eta horrek kezkatu egiten gaitu”, azpimarratu du Asiainek.
Horregatik, eta “Estatuaren zorpetze geldiezinaren ondorioz Foru Ogasunak duen mehatxu larria” kontuan hartuz, parlamentariak mozio bat erregistratu du Foru ganberan Nafarroako Gobernua premiatuz Hitzarmenaren Legearen aldaketa bat prestatu dezan, Estatuko zor guztien interes eta amortizazio kuotak Nafarroak bere egin gabeko kargak direla dioen atalari erreparatuz. “Negoziaketa premiazkoa da. Ezin gara inolako inertziatan erori”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko parlamentariak.