Itzuli

Geroa Baik kalitatezko enpleguarekin duen konpromisoa berretsi du eta COVID-19aren krisialdiaren eragina arintzeko neurri ekonomikoetan lanean da

Nafarroan langabeziaren igoeraren aurrean premiazkoa da oraingo egoeratik haratago neurriak hartzea eta behin pandemia gainditu ondoren marraz daitekeen eszenatokian arreta jartzea

Geroa Baik bere kezka agertu du martxoan langabeziak Nafarroan, hein handi batean COVID-19ak sortutako osasun krisialdiaren ondorioz, 3.390 pertsonetan egin duela gora baieztatu ondoren.

Koalizioak enpleguaren egungo egoera hobetuko duten neurri ekonomikoak  lantzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, Nafarroako Gobernutik, Foru Parlamentutik eta ordezkaritza duen Udaletatik ere, ahal den neurrian pandemia honek Nafarroako gizarte egituran sor dezakeen eragina gutxitzeko.

Horregatik, Geroa Baik “kalitatezko enpleguarekin duen konpromisoa” berretsi du, gazteengan, emakumeengan eta epealdi luzeko langabetuengan arreta berezia jarriz, eta ziurtatu duenez “Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteek gorde dezaketen enplegua mantentzeko orduan asmo handiagokoak eta eraginkorragoak izan behar dugu”.

Udal politikagintzaren esparrutik, Geroa Baik Tokiko Ogasunen Legea malgutzeko bere eskaera berretsi du, horrekin tokiko zergak atzeratzea edota krisialdi honek modu larrian kolpatutako pertsonen kasuan horien hobaria edo libratzea emateko neurriak hartzea ahalbidetuko baita.

Koalizioaren aburuz beharrezkoa da udalek haien diru-kutxa soberakina erabiltzeko gaitasuna edukitzea, datozen erronkei aurre egin ahal izateko. Egonkortasun legeak udalen benetako gaitasun ekonomikoa mugatzen du, behin eta berriro salatu dugun moduan, eta lege hori indargabetu beharra dago.

Etorkizuneko eszenatokia

Geroa Baik ez du fokoa egungo egoera sozial eta ekonomikoan jartzen bakarrik, honi arreta premiaz eta ahalik eta modu eraginkorrenean eman behar zaion arren, baizik eta behin osasun krisialdia gainditu ondoren marraz daitekeen eszenatokian ere, hazkundea modu drastikoan murriztuko baita, ez bada atzeraldian sartzen.

Zentzu honetan, koalizioak ziurtatu duenez, “koronabirusaren krisialdiak kolokan jarri ditu globalizazioaren dogma batzuk, hala nola ekoizpen multinazionalaren sistema edo mundu mailako banaketa kateak”, eta horregatik “Nafarroako ekoizpen sistemaren birdiseinatze estrategikoa” proposatzen du, “gure komunitateko enpresa-sarearen eta lan-masaren gainbehera, bai denboran bai eta dimentsioan ere ahalik eta mugatuena izan dadin kontuan hartuz; gure gizartearen parekidetasuna sostengatzeko nahitaezkoa den oreka ekonomikoa bermatzeko helburuarekin”.

Izena eman gure buletina jasotzeko