Geroa Baik “lurraldearen oreka sustatzen duten zuzenketak” aurkeztu dizkio Nafarroako Aurrekontuei
Koalizioak 55 zuzenketa erregistratu ditu bakarka eta 40 inguru beste taldeekin batera
Geroa Baik 55 zuzenketa aurkeztu dizkio bakarka 2020 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektuari eta 40 inguru parlamentuko beste taldeekin batera, horiekin “Nafarroako Gobernuaren araua hobetuz, lurraldearen orekan eta hobekuntza sektorial ezberdinetan oinarritzen baitira, bereziki eskubide sozialen alorrean”.
“Aurrekontu hauek apur bat hedagarriagoak dira, kontinuistak eta Geroa Bairentzako oso garrantzitsuak diren gaiak finkatzen dituzte, aurkeztutako zuzenketekin hobetu egiten direlarik gainera”, azpimarratu du koalizioak, eta ziurtatu duenez aurrekontuetarako akordioak “Nafarroan 2015 urteaz geroztik eman den egonkortasun politikoa egiaztatzen du”.
Bakarka aurkeztutako zuzenketen artean, koalizioak haur eskola, ikastetxe eta institutu publikoetan hobekuntza lanak egiteko bideratutakoak nabarmendu nahi ditu, bai eta; udal igerileku eta kirol instalazioak egokitu eta hobetzeko aurkeztu direnak; kaleak, zeharbideak eta landa bideak hobetzera bideratutakoak; edo udalerri ezberdinetan herritarrentzako erabilera anitzeko aretoak martxan jartzeko eraikinen zaharberritzerako zuzenduak; lurralde oreka mesedetzeko zuzenduak direnak, landa guneetan baitute eragina.
Geroa Baik gainera departamentu ezberdinetako aurrekontuak hobetzea proposatzen du, hala nola Nafarroako Administraritza Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuaren ezarpenarekin zer ikusia dutenak; Kanpoko Ekintzarekin harremana dutenak (kanpoan dauden nafar herritarren Itzulerarako Plana) edo Bakea eta Bizikidetza (nafar erbesteratuen inguruko jarduerak edo aitortuak izan ez diren Giza Eskubideen urraketa larrien biktimen alorrean ekintzak).
Alor sozialenari dagokionez, koalizioak desgaitasuna duten ikasleen oporretako eskolarako laguntzen partida hobetzeko proposamenak azpimarratzen ditu (20.000 euro), beste 116.000 euro Elkarkide-ren orientazio eta akonpainamendu zerbitzurako; edo 50.000 euro hezkuntza berezirako laguntzen partidarako.