Itzuli

Geroa Baik modu positiboan baloratu ditu zerga alorrean 2025 urterako neurri eta konpromisoak

Geroa Bairentzako gako diren sektore estrategikoen laguntzarako izango diren neurri hauek pozik jaso ditu koalizioak

    2025 urterako Zerga Neurrien Lege proiektuak jasotzen dituen proposamenak modu positiboan baloratu ditu Geroa Baik, bai eta alor honetan Gobernuak harturiko konpromisoak ere, horiek guztiak negoziaketaren eta akordioen fruitu. Koalizioak azpimarratu duenez, negoziazio horiei esker “lau indarren artean lortutako aurrekontu-akordioa betetzeko aukera egongo da, Nafarroako Gobernua eratzeko programa akordioaren baita zeuden neurriei bide emanez gainera”. Geroa Bairen ustez neurri hauek “zerga politika progresiboa sendotzen dute, bai eta ekitatearen, aurrerapenaren, ongizatearen eta Nafarroaren sendotze ekonomiko eta sozialaren aldeko konpromiso argia ere”.
    Modu honetan, koalizioak mutualistei dagozkien zerga neurrien garrantzia azpimarratu du koalizioak, bai eta pentsio minimoak 1035 eurora arte igotzeko osagarria ese. Era berean, “lehen sektoreari eragiten dioten neurrien garrantzia” nabarmendu du ere, “sektorearen eskaerak entzuteko pasa den otsailean hasi zen prozesuaren fruitu”, Geroa Baik lehen unetik eskatu izan duen moduan alegia. 
    Koalizioak ere begi onez jaso ditu “trantsizio energetikoarekin harremana duten neurri guztiak, bereziki mugikortasun elektrikoari dagozkionak, bai eta etxebizitzarekin harremana dutenak ere, honakoa herritarren lehen kezketako bat baita, eta hortaz, Geroa Bairena ere”. 
    “Geroa Baik bere egiten ditu konpromiso horiek guztiak”, azpimarratu du, eta horien aurrean bere oniritzia agertu du, izan ere “azken hilabeteetan zehar negoziatu eta adostu den guztiaren islada argia dira”. 
    Era berean koalizioak azpimarratu duenez, “errenta ertain eta txikien zerga zama arintzeko, Geroa Bairen ekimenez Nafarroako Gobernuak hartutako konpromisoek garrantzia handia dute”.
    Horrela, 2025 urterako neurrien artean, haien errenta, salbuetsia barne, 30.000 eurora iristen ez den subjektu pasiboentzako, minimo pertsonalean 150 euro gehiagoko kenkaria mantendu da koalizioak hala eskatu ondoren. Geroa Baik azaldu duenez, “desagertzeko zorian egon zen neurria izan zen, aldi baterako izaera baitzuen, baina datorren jardunaldirako mantentzea lortu dugu”. 
    Ildo honetan, 2025 urtean zehar neurri hau ondorengo zerga-tartera hedatzea proposatu du Geroa Baik. Era berean, koalizioak proposaturik, 2025 urtean zehar tarifaren deflaktazioa egitea ikertuko da, behin KPIaren bilakaera nolakoa izango den ezagutzean, modu horretan errenta ertain-txikiengan inflazioak eduki dezakeen eragina arintzea ahalbidetzeko; neurri horrek 2025 urteko urtarrilaren 1rekin atzeraeraginezko izaera edukiko luke. Era berean, PFEZren zerga-tarteen azterlan bat egingo da errenta ertain-txiki horien errealitatera egokitzeko, koalizioak behin baino gehiagotan eskatu izan duen moduan “erosketa-saskiaren eta energiaren salneurrien eta interes tipoen gorakadaren ondorioak gehien pairatu zutenak errenta horiek izan baitziren”. Koalizioaren aburuz “hau izan behar da datozen hilabeteetan zerga alorrean eduki beharko dugun lehentasunetako bat”. 
    Azkenik, “zerga politika bizia” defendatu du Geroa Baik, “Nafarroako gizarteak aurre egin beharreko eszenatoki ezberdinei egokitzeko gai izango dena, eta neurri fiskalak tresna gakoak dira hain beharrezkoa den aberastasunaren birbanaketan eta funtsezko elementu gizartearen oinarriak sendotzeko eta aukerak, eraginkortasun ekonomikoa eta oparotasuna sortzeko”. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko