Itzuli

Geroa Baik munizipalismoa defendatuko du hauteskundeen eta alderdien finantzaketaren legearen eztabaidan

Geroa Baik bultzatutako eta Nafarroako Parlamentuak onartutako lege proposamena datorren asteartean Diputatuen Kongresuak aintzat hartzea espero du Pablo Azconak

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Geroa Baik munizipalismoa defendatuko du Hauteskunde Erregimenaren Lege Organikoaren eta Alderdi Politikoen Finantzaketarako Lege Organikoaren aldaketa partzialaren inguruan datorren asteartean Diputatuen Kongresuan egingo den eztabaidan.

    Pablo Azcona koalizioko parlamentaria Behe Ganberan egongo da Geroa Baik proposaturiko eta Nafarroako Parlamentuak onartutako proposamen hau aurkezteko, eta Kongresuak arau hau aintzat hartzea espero du, udalerrietako hauteskunde taldeek pairatzen duten diskriminazioarekin amaitzea baita bere xedea.

    “Diputatuen Kongresua da gai honen gainean eskumena duena, eta bidegabea den egoera hau arindu beharra du, udal hauteskundeetara aurkezten diren hautesle taldeek eta alderdi independenteek, kasu honetan barruti bakar batean, euren gastu ahalmena mugaturik baitute”, azpimarratu du Geroa Baiko parlamentariak.

    Azconaren aburuz, “araudi honek talde hauen partaidetzarako eskubidea murrizten du, ez baitie baldintza berdintasunean jokatzen uzten, hortaz honakoa ez da justizia gai hutsa, baizik eta partaidetza politiko eta publikoko gai bat, eta azken finean, demokrazia kontu bat”.

    “Mila bizilaguneko udalerri batean, hautesle talde batek 110 euro ditu hauteskunde kanpaina egiteko, eta 12 euroko gainkostuak 50.000 euroko isuna ekar dakioke. Tokiko demokrazia eta gure udalerrietako bizilagunen partaidetza politikoa kaltetzen duen zentzugabekeria bat da, eta alderdi handiekiko konparaziozko bidegabekeria bat da ere, haiei Hauteskunde Legeak gastu handiagoa egitea baimentzen baitie probintzia- osagarriaren bitartez”, nabarmendu du.

    Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, araudi honek modu nabarmenean eragiten dio Nafarroari, Foru Erkidegoaren idiosinkrasia propioa dela eta: “Nafarroako udalerri gehienek talde independenteak dituzte haien gobernu edo udalbatzetan, herrien gehiengoa 1.000 bizilagun baino gutxiagokoak baitira eta formula hau oso erabilia delako”.

    Azconak azaldu duenez, “Nafarroako Parlamentuak mota honetako lege proposamen bat onartzen duen lehen aldia ez da, baina bai Nafarroako Parlamentutik Kongresura iristen den lehena”. Izan ere, oraingo ekimen hau 2015eko udal hauteskundeen ondoren sortu zen, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta bere presidente ohi eta orain parlamentari den Pablo Azconaren alertarekin, 2015ko udal kanpainan gehiegizko gastua egin izanagatik tokiko hautagaitza ugarik Kontuen Auzitegitik jasotako ohartarazpenen ondoren.

    Azkenik, koalizioko parlamentariak azpimarratu duenez “Geroa Baik bultzatu zuen ekimen hau parlamentuan eta haren babesarekin, urte luzez burututako lana legebiltzarrera iristea lortu du”. “Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioaren ekimenari Navarra Sumak zuzenketak egin arren, Kongresura iritsi izana oso garrantzitsua deritzogu, hautagaitza independenteek dituzten gastu muga barregarriak igotzearen arazoari konponbidea emateko eskumena duen organoa baita, bai eta ezartzen diren isun neurrigabeak atzeraeraginezko moduan deuseztatzeko gaitasuna duena ere”, amaitu du esanez.

    Izena eman gure buletina jasotzeko