Geroa Baik Nafarroako erdialde eskualderako inbertsioak bultzatu ditu aurrekontuei egindako zuzenketen bitartez
Puiu, Uxue, Tafalla, Erriberri, Artaxoa, Eneritz, Azkoien, Legarda, Eslaba eta Caparroso udalerrietan proiektuak burutzeko partidak sartu ditu koalizioak
Geroa Baik inbertsio eta proiektu ezberdinak bultzatu ditu Nafarroako Erdialde Eskualderako 2025 urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkeztu dizkion zuzenketen bitartez, modu honetan koalizioak lurraldearen egituraketaren alde egiten duen apustua finkatuz, bai eta Nafarroako herritarren beharrizanei erantzuna emanez, haien bizitokia edozein delarik ere.
Puiun Errebote Zahar kaleko zoladura da Geroa Baik kontu hauetan bultzaturiko inbertsioetako bat, 40.000 euroko zuzenketa bat sartu baitu. Errebote Zahar kalea errepide moduan dago katalogaturik, baina bere zati bat guztiz amaitu gabe dago. Lan hauei esker zoladura zati hori gainontzekoarekin parekatuko da.
Uxuen, Geroa Baik udaletxean bulegoak egokitzea mesedetuko du. Udaletxearen eraikinean, gaur egun erabilerarik ez duten biltegi eta eskailera batzuk daude. Zuzenketa bati esker espazio hauen erabilera aldatuko da, bertan lan tokiak egokitzea ahalbidetuz, ordenagailuentzako postuekin, hor Udaletik kanpokoak diren langileak kokatuko direlarik, udalerrian zereginak burutzeko Udaletxera lanera datozenean.
20.000 euroko partida bati esker Tafallak paseoen gunean dagoen haurrentzako parkeko argiztapena hobetuko du, udalerriko iparraldean erreferentziazkoa den parkea baita, horrela eraginkorragoa bihurtuz ingurumenari eta kontsumoari dagokionez.
Erriberrin, Geroa Baik 30.000 euroko zuzenketa bat bultzatu du Vianako Printzearen estatua bat jartzeko. Hau izan zen Vianako Printzeak bere haurtzaro eta gaztaroan ezagutu zuen lehen herria, bertan ezkondu zelarik ere. Horrela, udalerriko erakunde askok Printzearen izena daramate, eta bere 600 urteurrena 2021 urtean ospatu zen. Jesus Ukar Muruzabal artista entzutetsuak egindako brontzezko estatua honekin, udalak udalerriko figura historiko garrantzitsuenetako bat omendu nahi du.
2025 urterako Aurrekontuek gainera 30.000 euroko partida bat dute Azkoiengo igerileku estaliko emakumeen aldagelako zoladura zaharberritzeko. Gaur egungoa, filtrazioen ondorioz, egoera okerrean dago eta lan hauekin instalazioaren iragazgaiztea burutzea ahalbidetuko da, bai eta bere zaharberritzea ere. Eta 14.000 euroko inbertsio bati esker ere, Eneritzek Udalaren klimatizazioa burutuko du, horrek kostu energetikoen aurrezpena ekarriko duelarik.
Legardan 11.000 euroko inbertsio batekin, udalerriko erabilera anitzeko aretoaren dotazioa osatuko da, jarduera ezberdinak burutzeko udalerrian elkartzeko dagoen toki bakarra baita. Eta 15.000 euroko partida bati esker, Artaxoak La Alameda futbol zelaiko aldagelen eraikina zaharberrituko du, gaur egun urritasun larriak baititu.
Kulturaren alorrean, Geroa Baik 15.000 euroko zuzenketa bat bultzatu du Eslabak parrokia etxea egokitu ahal izateko, bertan Santa Kriz aztarnategi arkeologikoari buruzko museoa kokatzeko. Eta euskara alorrean, Geroa Baik 42.000 euroko zuzenketa bat bultatu du Erdialde Eskualdeko Tokiko Ekintza Taldearekin (GAL Zona Media bere gaztelaniazko esakeran) hitzarmena egiteko eta horrela erakundean euskararen promoziorako eragile funtzioak jardungo dituen pertsona baten kontratazioa finantzatzeko, horretaz gain gure hizkuntzaren promoziorako beste jarduerak finantzatuz ere.
Landa Garapenaren alorrean, 60.000 euroko zuzenketa baten bitartez, Caparrosoko kooperatiba laguntzeko hitzarmena egingo da, honek Murillo el Frutoko kooperatibarekin fusioa egin dezan, horrela landa eremuan enpleguak eta jarduera mantenduz.
Bestalde, Geroa Baik, PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeekin batera 37.500 euroko zuzenketa bat izenpetu du Peña Sport taldearekin hitzarmena egiteko, honen 100 urteurrena izanik, eta horrela ber mendeurreneko ospakizunekin lagunduz.
Zuzenketa hauekin Geroa Baik aurreko urteetan hasitako bideari jarraitasuna ematen dio, lurraldetik eta udal esparrutik gertuko lanari Nafarroako kontuetan oihartzuna emanez eta Aurrekontuetan parte hartzeko beste modu bat badagoela frogatuz, hamarkadetan zehar Nafarroako Kontu Orokorretatik kanpo egon diren udal askorentzako inbertsioak mesedetu baititu.