Itzuli

Geroa Baik ondare kulturalaren legea aldatzea proposatu du autokontsumoan eta eraginkortasun energetikoan aurrera egiteko

Jabi Arakama parlamentariak ziurtatu duenez “ondarearen babesa eta klima aldaketa bezalako erronkak uztartzeko gai izan behar dugu”

    Jabi Arakama Jabi Arakama

    Geroa Baik Nafarroako Ondare Kulturalaren 14/2005 Foru Legea aldatzea eskatu du, Nafarroako ondare arkitektoniko eta kulturala gordetzeko berme nahikoak eta eraginkortasun energetikoaren maximizazioa bateragarri egiteko, bai eta Nafarroako eraikin publiko zein pribatutan autokontsumorako energia berriztagarrien instalazioak jartzeko ere.

    Jabi Arakama Urtiaga koalizioko parlamentariak mozio bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Gobernua premiatuz Ondare Kulturalaren Legearen aldaketa hori burutu dezan, horretarako Kultura eta Kirol Departamentuak, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak eta toki erakundeetako zein gaia honekin harremana duten elkarteetako ordezkariek parte hartuko duten prozesu bat proposatuz.

    “Ondarearen babesak politika publiko kulturalaren oinarrizko elementu izaten jarraitu behar du, gure garaiko erronkak eta hark eskaintzen dizkigun aukera berrietara egokitzeko beharrak ez duelarik helburu hori zertan eragotzi behar”, ziurtatu du Geroa Baiko parlamentariak. Zentzu honetan, Arakamaren aburuz funtsezkoa da “klima aldaketak dakarren mehatxuaren aurrean eta deskarbonizazio formula berritzaileen alde egiteko beharraren aurrean gure ekintza estrategiak birplanteatzea, hala nola eraikinen eraginkortasun energetikoa areagotuz eta autokontsumo energetiko deszentralizatua sustatuz”.

    Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi duenez, “ildo honetan aritu dira lanean azken urteetan Nafarroako Gobernua bezalako erakundeak, eraginkortasun energetikoa sustatzeko laguntza publikoak modu nabarmenean handituz, edota udalak, autokontsumorako elementuen instalatzea errazteko ordenantzak onartuz, bai etxebizitzetarako, bai eta eraikin publikoetarako ere”.

    Hala ere, Arakamak azpimarratu duen moduan, “batzuetan, gaur egungo ikuspuntutik herritarrek ezin uler ditzaketen mugak aurkitzen dituzte ekimen hauetako askok, 14/2005 Foru Legeak hala ezartzen baitu eta askotan bere irakurketa ezin murriztaileagoa egiten delako”. “Gure herri eta hirietako erdigune historiko gehienek despopulazio arazo larria duten testuinguru honetan, aipatutako zailtasunek ez dute herritarrentzako erakargarri egiten laguntzen”, gaineratu du.

    Geroa Bairen parlamentariaren aburuz, “asmo handiko proposamenen garaia da, proposamen zorrotzena, aurreko  belaunaldiek utzitako ondarearen babesa, klima aldaketaren aurka borrokatzeko betebeharrarekin uztartzeko gai izango diren proposamenena, gure ingurumena eta, azken finean, gure ongizatea eta existentzia bera orain ezagutzen ditugun moduan mehatxupean baitaude”.

    “Funtsezkoa da gure ekonomiaren, mugikortasunaren, gure etxebizitzetako, lantokietako edo eraikin publikoetako kontsumo energetikoaren deskarbonizazioan sakontzea. Eraginkortasun energetikoaren eta autokontsumo energetikoaren estrategiek deskarbonizazio honetan modu erabakigarrian lagundu dezaketen une honetan, hori egiteko herritarrei, enpresei eta erakunde publikoei erraztasunak eman behar dizkiegu”, amaitu du adieraziz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko