Itzuli

Geroa Baik Pirinio alderako 336.000 euroko inbertsioak sustatu ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketen bitartez

Koalizioak gainera 280.000 euro bideratu ditu beste parlamentu taldeekin batera Foru Komunitateko Pirinioaurre eskualdean ekintzak egiteko

    Geroa Baik 336.000 euroko inbertsioak sustatu ditu Nafarroako Pirinioetako hainbat udalerritan 2022 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketen bitartez. Koalizioak gainera, beste parlamentu taldeekin batera, 280.000 euro bideratu ditu Foru Komunitateko Pirinioaurre eskualdean ekintzak egiteko.

    Udal ekintzaren bitartez nafar lurralde osoaren garapen jasangarriaren aldeko bere apustuan, Geroa Baik eskualdeko Udalekin burututako lana Nafarroako Aurrekontu Orokorretara eraman du. Koalizioaren arabera, “udalak dira herritarren oinarrizko beharrizanak, haien eskariak eta proposamenak lehen eskutik ezagutzen dituztenak, eta horretaz gain lurralde ezberdinetako eragile sozialekin harremanetan funtsezko aktore dira ere, eta haien proposamenak entzutea lehentasun politikoa da Geroa Bairentzat”.

    Horrela, Jaurrietan, koalizioak bultzaturiko 30.000 euroko partida batek pilotalekua zaharberritzea ahalbidetuko du, gaur egun egoera okerrean baitago. Ekintza hau, funtsean, pareten konponketan eta ondoren horiek margotzean datza.

    Garraldan, Geroa Bairen 50.000 euroko zuzenketa bati esker, Vega Granden oinezkoentzako bide bat egokituko da, ingurumenari dagokionez interes handiko paisaia baita.

    Bestalde, Luzaiden egingo den 20.000 euroko inbertsio batekin, erabilera anitzeko biltegi bat egokitzeko lanak burutzea ahalbidetuko da, udalak makineria, ibilgailuak edo tresneria bezalako material anitzak gordetzeko biltegi bat edukitzeko beharrari erantzuna emanez.

    Geroa Bairen beste proposamenetako batek 45.000 euro inbertsioa ekarriko du Zaraitzuko Batzordearen Irati-Abodi proiektuarentzako, horren bitartez Otsagabian Irati-Abodi Mendiko Zentroaren kanpoaldeko terraza estaliko duen portxe bat eraikitzea proposatzen delarik, klimatologia txarra dagoenean ere hura erabiltzea ahalbidetuz, bai eta eguzkiarentzako babes moduan ere.

    Zuzenketa bidez ere, kasu honetan EH Bilduren parlamentu taldearekin batera aurkeztua, Abaurreagainak 75.000 euro jasoko ditu herrigunearen atsegintze jasangarrirako proiektu bat burutu ahal izateko, oinezkoentzako mugikortasuna, segurtasuna eta espazio ezberdinetarako irisgarritasun baldintzak hobetzeko hainbat ekintza burutzeko helburuarekin.

    Halaber, eta EH Bildurekin batera aurkeztutako partida baten bitartez ere, 116.000 euro bideratuko dira hainbat Toki Erakundetara, hots Erronkari, Otsagabia, Garralda, Auritz, Erro, Auritzberri eta Luzaide, udalerri hauetako ikastetxeek duten funtzionamendu gastuen egungo defizitari aurre egiteko helburuarekin.

    PIRINIOAURRE ESKUALDEAN EKINTZAK

    Bordablanca Ekonomia Zirkularraren eta Garapen Jasangarriaren Parkeak, Irunberrin, 90.000 euro jasoko ditu Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemosen zuzenketa bati esker. Ekonomia zirkularraren Nafarroako lehen parkea da honakoa, eta ikuspegi integral batetik hondakinen kudeaketa, enplegu sozialaren sorrera eta energia berdeak jorratuko ditu lurraldearen autonomia eta baterako gobernantza eredu moduan.

    Eslaban, EH Buildu eta PSN-PSOErekin batera aurkeztutako zuzenketa bati esker, 20.000 euro bideratuko dira Santa Criz aztarnategiko mantentze lanetarako eta, kasuan kasu, indusketen hedapenerako, bai eta udalerrian dagoen erakusketa iraunkorra mantentzeko ere.

    Azkenik, Zangozak 170.000 euro jasoko ditu udalerriko hiltegi zaharraren zaharberritze lanen lehen fasea burutzeko, erabilera dotazional eta sozialerako berreskuratzeko helburuarekin, Geroa Baik eta EH Bilduk bultzaturiko partida bati esker.

    Zuzenketa hauekin, 2019an Geroa Baik hasitako munizipalismoaren aldeko apustu lanari jarraipena ematen zio, horrekin Nafarroako aurrekontuetan parte hartzeko beste modu bat badagoela frogatzen ari duelarik koalizioak, hamarkadetan zehar Nafarroako Kontu Orokorretatik kanpo egon diren udalerri askori inbertsioak erraztuz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko