Geroa Baik Saharako Herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin bat egiten du
Koalizioak bere kezka agertu du Mendebaldeko Saharak duen une bereziki kritiko honen aurrean
Geroa Baik Saharako Herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin bat egiten du. Marokok su etena hautsi ondoren erantzun moduan estatu mailan azaleratu den ekimena da hau, Saharako lurraldeko egoera larritu egin baita. Saharako gatazka konpontzeko Nazio Batuen inplikazio handiagoa eskatzea da martxaren helburua, bai eta Estatuko Gobernuak, Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea den heinean, bertan esku hartzeko beharra aldarrikatzea ere.
Koalizioak bere kezka agertu du Mendebaldeko Saharako egoeraren aurrean, “une bereziki kritikoan baitago, Nazio Batuek 1991an mesedetutako Su Etenerako Akordioa, Marokok eta Fronte Polisarioak izenpeturikoa, arriskuan dagoelarik”. Halaber, Nafarroako Parlamentuak egin zuen moduan, “Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararentzako nazioarteko zuzenbidearekin bat datorren konponbide politiko bat babestu eta mesedetzeko beharra” azpimarratu du Geroa Baik.
Geroa Bairen arabera, “konponbide politiko zuzen eta iraunkor bat erraztea premiazkoa da, Nazio Batuen ebazpenekin bat datorrena, eskualdean oreka eta egonkortasun faktorea baita, gakoa Mediterraneoarentzako eta Europa osoarentzako ere”. Zentzu honetan, “eskualdean bakea, giza eskubideak, egonkortasuna, segurtasuna eta aurrerapen ekonomiko eta soziala ekarriko dituen irtenbide” baten aldeko apustua egin du Geroa Baik.
Halaber, “Saharako herriak erreferendum bidez bere autodeterminaziorako duen eskubide zilegia aldarrikatzea” berretsi du koalizioak, “Nazio Batuen ebazpenekin bat eta Nazioarteko Zuzenbideari begirune osoz, hamarkada askotatik hona dirauen deskolonizazio prozesuaren asken pausoa baita hori”.
Askatasunaren aldeko Martxa ekainaren 4an abiatuko da Nafarroatik, Berriozarren egingo den ekitaldi batean, eta Madrilen amaituko da ekainaren 18an.