Itzuli

Geroa Baik UPN eta PPri eskatu die hausnartu dezatela eta eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimen oroimena aitortzeko larunbatean egingo den ekitaldira joan daitezen

Koldo Martínez Geroa Baiko eledunak gaur goizean PP eta UPNri eskatu die hausnartu dezaten eta Nafarroako Gobernuak antolatu duen eskuin muturreko  taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimen oroimena aitortzeko larunbat honetan egingo den ekitaldira joan daitezen. Marténezek gogorarazi duenez, “demokrazian sinesmena dugunok lan egin beharra dugu berriro ere horrelako indarkeria bidegabeak eta zilegitasunik gabekoak gerta ez daitezen, biktima dena delakoa ere eta borreroa dena delakoa ere”.

Koalizioaren parlamentariak ohartarazi duenez “garrantzitsua da indarkeria guztien biktimak aitortzea eta, zentzu honetan, oso positiboa deritzogu Nafarroako Gobernuak indarkeria guztien bidegabekeria eta zilegitasun eza oroitarazteko ekitaldiak antolatzea”. Halaber, Martínezek azpimarratu du larunbateko ekitaldiak foru lege bat betetzeko egiten dela.

Geroa Baiko bozeramaileak UPNren “kontraesan handia” gogorarazi du, “2016ko irailean ekitaldi hau antolatzeko baiezko botoa eman baitzuen eta orain kexuak eta salaketak ditu ahoan ekitaldi hau dela eta, eta orain joanen ez dela iragarri du. Gobernuak lege hau bete dezan nahi ez ote duen galdegiten diot neure buruari, eta Gobernu honek lege guztiak beteko ditu uneoro, batzuen kexuak direnak direlakoak ere”.

Koldo Martínezek gogorarazi du “orain gutxi UPNtik esaten zuten ez zirela joango, omenaldi horretan Naparraren oroimena aldarrikatzen bazen, Batallón Vasco Español-ek bahitu eta ondoren desagerrarazi zuen nafarrarena alegia, komando antikapitalista talde bateko kidea baitzen, pertsona asko erahil zituen antolakundea izan zen hori, baina talde horretako kide izateak ez du omenaldi bat edukitzeko ez-duin egiten, berak ere indarkeria bidegabea eta zilegitasunik gabekoa pairatu baitzuen”.

Era berean, UPNri galdetu dio ea “berdina egiten duen Carrero Blanco eta Melitón Manzasekin. Geroa Bairen iritziz bai Carrero Blanco bai eta Melitón Manzanas izan ziren biktima, nahiz eta aldi berean, lehen edo ondoren biktimak eragiten zituzten borreroak izan. Geroa Baik biktima guztiekiko elkartasuna defendatzen jarraituko du, borreroa edo biktimarioa dena delakoa ere.

Azkenik, Koldo Martínezek esan du “deigarria egiten” zaiola PNSk esatea joanen dela baina begirale egongo dela. “Horren begirale egotea gustatuko litzaidake otsailaren 11n, ekitaldia amaitzean ezer demokratikoak izan ez ziren garrasiak entzun zirenean”. 

Izena eman gure buletina jasotzeko