Geroa Baik UPN-ren oportunismo politikoa salatu du PHT-rekin eta Nafarroa Europarekin lotzeko bere apustua berretsi du
Geroa Baik Nafarroa Europarekin lotuko duen Prestazio Handiko Trenaren aldeko bere apustua agertu du berriro eta UPNren oportunismo politikoa kritikatu du, baitirudi orain gai honekin kezka dutela haiek agintzen zuten urteetan zehar azpiegitura hau gelditu ondoren. “2012tik hona, UPN Gobernuan zegoen bitartean, ez da PHT kilometro bakar bat ere egin, argi geldituz UPN eta PP izan zirela tren azpiegitura hau geldiarazi zutena”, gogorarazi du Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko eledunak.
“UPNk orain oposiziotik negoziatu nahi du Gobernuan zegoen bitartean egiteko gai izan ez zena, eta Barkosen Gobernuak Nafarroari kalterik eragingo ez dion hitzarmen berri bat sinatzeko konpromisoa lortu duenean mugitzen da bakarrik, haiek sinatutakoak orain arte kaltegarria baitzen”, baloratu du koalizioaren parlamentuko eledunak.
Martínezen aburuz, PHT dela eta erregionalisten jarduera eta diskurtsoak bere oportunismo politikoari eta bere gobernu urteetan zehar erakutsi zuten negoziaketa gaitasun ezari erantzuten dio. “Urteetan zehar UPNren gobernuek Madrilen PPren politikak jarraitu dituzte, nafarron kaltean jardunez. Prestazio Handiko Trena Nafarroara iristeko hitzarmen zuzen bat eskatu ordez, PPren interesen aurrean makurtu ziren”, gogorarazi du parlamentuko eledunak.
“Ez dugu inondik inora doan trenik nahi, ez eta abiadura handiko tren bat merkantziak garraiatzeko balio ez badu edota UPNri hainbeste gustatzen zaizkion obra bideraezin eta megalomanoa bada. Gure apustua, Programa Akordioak jasotzen duen moduan, nazioarteko estandarrekin bateragarria den eta ahalera nahikoa duen trenarentzako konponbide bat da, merkantzia eta pertsonentzako garraio beharrei erantzuna emango diona, bai hurbileko zerbitzuetan bai eta urrunera ertain eta luzeko zerbitzuetan ere, eta Nafarroa Atlantiko Mediterraneo Arkuan sartuko duena”, amaitu du Martínezek.
Koldo Martínez