Itzuli

Geroa Baik ziurtatu du Altsasu kasuaren sententziak epaiaren bidegabekeria agerian uzten duela

Unai Hualde Unai Hualde

Geroa Baik ziurtatu duenez, Altsasu Kasuagatik espetxeratuak dauden gazteen zigorrak berresten dituen Auzitegi Nazionalaren sententziak “epaiketaren beraren bidegabekeria agerian uzten du, Auzitegi Nazionalak berak ebatzi eta ziurtatu baitu ez gaudela terrorismo kasu baten aurrean, hasieratik defendatu izan duguna alegia”. “Kasua Nafarroako Auzitegian epaitu behar izan zela berresten da, Auzitegiak berak defendatu izan zuen moduan”, ziurtatu du Unai Hualde parlamentariak.

Hualdek “zigorren proportzionaltasun eza” salatu du, “hasiera batetik eta edozein moduz mantendu behar den kontakizun faltsu bat egon zela agerian utziz, bidegabekeria larri honetara iritsiz ere”. “Hasieratik kutsaturik zegoen kasu baten aurrean gaude; Europar Batasuneko Funtsezko Eskubideen Kartako 49.3 artikuluak aitortzen duen proportzionaltasun printzipioa bortxatzen duen kasu bat”, azpimarratu du.

Geroa Baiko parlamentariak azaldu duenez “Auzitegi Nazionalak urte ugariko espetxe zigorrak berretsi ditu, justizia arruntaren bidetik isun sinpleekin eta zigor txikiekin zigortzen direnean, horrek proportzionaltasun eza eta bidegabekeria argia dagoela esatera eramaten gaituelarik, eta Estatuko sektore ezberdinen aldetik kasu honekin kasu eredugarri bat egin nahi dela frogatzen da ere”.

Unai Hualdek azpimarratu duenez “sententziari oraindik Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera dago, bai eta Europako justizia auzitegietan ere, baina espetxeratuak dauden gazteek eta haien familiek ahaztu ezin dugun izugarrizko drama eta bidegabekeria larria bizi dute, horietako batzuk bi urte eta erdi baino gehiago bait daramate espetxean”. “Gazte hauei eta haien senitartekoei bai eta Altsasuko herri osoari gure babesa helarazi nahi diogu, azken honek ere denboraldi guzti honetan zehar jarrera eredugarria agertu baitu”, amaitu du Geroa Baiko parlamentariak.

Izena eman gure buletina jasotzeko