Geroa Baik ziurtatu du Hezkuntza Itunarekin murrizketen leheneratze osoa "askoz ere hurbilago" dagoela
Geroa Bairen iritziz gaur Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta sindikatuen artean izenpetutako hezkuntza itunak, Nafarroako hezkuntza sistema publikoaren kalitatea hobetzeko Geroa Bairen eta Foru Exekutiboaren apustua frogatzen du.
Isabel Aranburu koalizioaren Hezkuntza bozeramaileak gogorarazi duenez “Geroa Baik lehen unetik babestu du legegintzaldi honetan egin den murrizketen leheneratzea”, eta ziurtatu du gaur erdietsi den akordioarekin “murrizketen leheneratze osoa askoz ere hurbilago” dagoela.
Aranbururen iritziz “paregabeko berri baten aurrean gaude, Nafarroako hezkuntza publikoak 2007tik ez baitzuen ezaugarri hauetako akordio bat, UPNren aldetik 2007-2011 ituna ez baitzen bete”. “Urte horietan gainera, Nafarroako sistema publikoak oso modu latzean pairatu zituen aurreko UPNren gobernuen murrizketak”, azpimarratu du.
Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak nabarmendu duenez “hezkuntza itunak oso aurrerapauso garrantzitsua dakar irakasleen lan baldintzetan, hezkuntza publikoaren kalitatean hobekuntza nabarmena ekarriz ere, Gobernuaren eta Geroa Bairen konpromisoetako bat dena alegia”.
“Itunean nabarmentzekoak diren puntuen artean irakasleen irakaskuntza orduen murrizketa dago, bai eta ikasgelako ikasle ratioen murrizketa eta ordezkapenetan azkartasun eta eraginkortasun handiagoa ere, baina hezkuntza itunak gainera hamaika hobekuntza dakartza hezkuntza zentroen funtzionamenduan eta beste hainbat alorretan”, azaldu du.
Azkenik, “Nafarroako Gobernuaren aldetik bai eta ituna izenpetu duten sindikatuen aldetik adostasuna lortzeko esfortzua eta eskuzabaltasuna” eskertu ditu Aranburuk, eta bere konpromisoa agertu du “Nafarroako sistema publikoaren hezkuntza kalitatearen hobekuntzan lanean jarraitzeko”.