Itzuli

Geroa Baik ziurtatu du Nafarroako Gobernua enplegu publikoa egonkortzeko konpromisoan aurrera doala

Koldo Martínez Koldo Martínez

Geroa Baik ziurtatu du Nafarroako Gobernua enplegu publikoa egonkortzeko konpromisoan aurrera doala, 2.137 plazako ez ohiko LEP (1.141 Hezkuntzan, 635 Osasungintzan eta 361 administraritzako gainontzeko alorretan) deituko duela ezagutu ondoren. Koldo Martínez koalizioaren parlamentuko eledunaren aburuz, “horrelakoak bezalako erabakiek frogatzen dute UPNk aurreko gobernuetan zehar alor askotan izandako utzikeriari aurre egiten ari zaiola, oraingo honetan enplegu publikoaren denborazkotasunari dagokionari”.

“Berri handi baten aurrean gaude, negoziazio luzeen fruitu eta foru Exekutiboak Estatuko Gobernuarekin lortutako akordioari esker”, azpimarratu du Martínezek, modu positiboan baloratuz gainera gaur Nafarroako Gobernuak aurkeztutako proposamena “sindikatuen ekarpenei irekia egotea, horiekin akordiora iristea espero dugularik lehenbailehen plaza horiek deitu ahal izateko”.

Geroa Bairen eledunaren iritziz Exekutiboa “zorroztasunez eta arduraz ari da lanean plantillen egonkortasuna lortzeko eta enplegu publikoaren egonkortasuna lortzeko eta, horrekin batera, Administraritzak alor guztietan ematen dituen zerbitzuen kalitatea hobetuz, modu berezian Hezkuntzan eta Osasungintzan, aurreko UPNren gobernuek hain abandonaturik zituzten alorretan alegia”.

“Hala jakin dugu eta gaur frogatu da Exekutiboa tinko aritu dela lanean hilabete ugaritan zehar ez ohiko egonkortze LEP deialdia errealitate izateko, horrelako LEPrik deitu ez urteen ondoren. Anbizio handiko LEP bat da gainera, plaza kopuru handiarekin, enplegu publikoaren kalitatean eragina edukiz, Geroa Baitik beti defendatu duguna alegia”, amaitu du Martínezek.

Izena eman gure buletina jasotzeko