Geroa Baik ziurtatu duenez aurrematrikularen datuak azken urteetan eskola publikoari emandako babesaren emaitza dira
Solanak “oso kezkagarria” deritzo Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoak eskola plazen zozketan sartu izana eta ikasgelak bitan banatzea eskatu du
Geroa Baik ziurtatu duenez aurreko gobernuak Nafarroako eskola publikoa sendotzeko eta bere kalitatea hobetzeko hasi zuen lanak 2020-2021 ikasturterako sare publikoaren aurrematrikulan emandako gorakadan ditu bere emaitzak.
María Solana Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak gogorarazi duenez “aurreko legegintzaldian zehar Nafarroako eskola publikoaren kalitatea hobetzeko esfortzu handia egin zen, bai azpiegituretara zuzenduriko aurrekontuaren igoeraren bitartez, bai eta irakasleen lan baldintzen hobekuntzarekin eta Skolae bezalako programa aitzindarien ezarpenarekin ere”. “Hartutako neurriek (aurrematrikula honetarako mantendu direnak) eta eskola publikoaren alde Hezkuntza Departamentuak egindako kanpainek funtzionatzen dutela frogatzen dute datuek gainera”, azpimarratu du Solanak.
Egonkor mantentzen den hizkuntza ereduen araberako banaketari dagokionez, Solanak oso modu positiboan baloratu du “A eta D ereduetan ikasteko eskaerak mantendu izana, 2015etik hona entzuten egon garen diskurtso euskarafobiko eta inposaketa faltsuaren diskurtsoak egon arren”. Behin betiko datuak ezagutu eta analisi xeheagoa egitearen faltan, “balorazioa positiboa da; horrela, Hezkuntza Departamentua animatzen dugu ildo beretik jarrai dezan, Programa Akordioan -bestalde ere- jasotzen den moduan alegia”. Eskola publikoan bitan banaketak egitea eskatu du Geroa Baik Bestalde, Geroa Bairen iritziz “oso kezkagarria da zentro publikoak eskola plazen zozketan sartu izana, eskola publikoan eskainitako plazak baino eskaera gehiago zegoen kasuetan ikasgelak bitan banatzea izan baita azken urteetan adostutako irizpidea”.
Solanak ohartarazi duenez “baldintza horietan izenpetu zen Gobernu hau sostengatzen duen akordioa eta eskola publikoan ikasgelak bitan banatzea egiten ez dela baieztatzen bada, Hezkuntza alorrean, eta zehazki bere 6 eta 13 ataletan besteak beste, akordioaren izpirituaren urratze larri baten aurrean egongo ginateke”. Solanak ziurtatu duen moduan, “pasa den legegintzaldian Aldaketaren Gobernuak ikasgelak bitan banatzearen premisa bete zuen eta oso gutxi izan ziren salbuespenak, horietako ia guztiak zentroekin adostuak eta baliabideen areagotzearekin ordeztuz. Gaur murrizketen urterik okerrenetara itzuli gara zentro publikoetan plazen zozketarekin. Zentro hauetan ikasgelak bitan banatzea bermatzea eskatzen diogu Departamentuari”.
Geroa Bairen aburuz “horrelako erabakiek, eskola publikoaren aurkakoak direnak zeharo, Mendigorriko familiek haien herrian D Ereduan ikasteko duten eskubidea aitortzeari uko egitearekin batera edo Castejoneko zentroak PAI uzteko borondatearen aurkako ebazpenak, gure kezka geroz eta gehiago areagotzen du, bai eta kontseilariak azalpenak eman eta informazio guztia modu gardenean elkarbanatzea premiazkoa egin ere”.
María Solana