Itzuli

Geroa Bairen adierazpena Nafarroaren Eguna eta Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

Uxue Barkos Uxue Barkos

Nafarroaren Eguna eta Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Geroa Baik ondoko adierazpena jakitera eman nahi du:

Nafarroaren eta Euskararen Egun honetan, gure komunitatearentzako oso garrantzitsuak diren bi gertakari nabarmen elkartu dira: Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren berrogeigarren urteurrena (LORAFNA bere gaztelaniazko sigletan) eta Irulegiko aurkikuntza arkeologiko apartekoa.

Pasa den abuztuaren 16an Foruaren Hobekuntzak berrogei urte bete zituen eta GEROA BAItik bere ekarpen positiboak aitortu nahi ditugu, baina bere akats nabarmenak baita ere, autokonplazentzian ezkutatu behar ez direnak,  ausardiaz heldu baizik, nafar gizartean dagoen aniztasunetik konponbideak emanez. 

Foruaren Hobekuntza forutasunaren aitorpen partziala izan zen, horrekin nafar erregionalismoaren aspirazio gorenak asetuz. Hala ere, aitorpen hura ez litzateke inoiz posible izango aipatutako forutasun hori berreskuratzeko Foruen leheneratzerako mugimenduak egindako borroka tinkoa egon izan ez balitz, eta gaur ere bertan aitortzen du bere burua GEROA BAIK. Marko horretan, eta gainontzeko erkidegoek bezala, gure autogobernua garatu dugu, gure Hitzarmen Ekonomikoaren berezitasuna nabarmenduz, hau izanik gure autogobernuaren giltzarria. Berrogei urte hauetan Estatuko Oinarrizko Legediak eta ebazpen konstituzional oso eztabaidagarriek gure ordenamendu juridikoaren esparru garrantzitsuak nola hustu dituzten ikusi dugu, jakinik gainera oraindik garrantzia handiko eskumenen transferentziak falta direla, hala nola Trafikoa, I+G+B, edo Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa. Foruaren Hobekuntzak gaur egun bete gabe jarraitzen du eta horregatik GEROA BAIk Nafarroako gainontzeko indar politikoei deia luzatzen die gurekin bat egin dezaten Foruaren Hobekuntza osorik betetzeko konpromisoa gizarte osoaren aurrean berresteko.

Aurrekoa ahaztu gabe, Nafarroako Egun honetan GEROA BAIk nafarron arteko itun politiko berri bat eraikitzea proposatzen du, bazterkeriarik gabe, gure ordenamendu juridikoa adostasunetik eguneratuz eta herritarrek berretsiz; Estatuarekin aldebikotasunezko harremana edukitzeko gure forutasunaren berreskurapen osoa nahi dugunok, eta batasun konstituzionalaren menpe dagoen forutasun partziala nahiago dutenak elkartuko gaituen eztabaida.  GEROA BAIk planteatzen duen itun politiko berri honen helburua gure Ongizate Estatua bermatzea da, eta horretan elkarrekin lan egiteko ardatza Autogobernua izan behar da, Nafarroako herritar guztion ondare immateriala baita.

Abenduaren 3an, Nafarroak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen du ere, eta hain berezia den egun honetan Irulegiko Eskuaren aurkikuntza arkeologikoa goraipatu nahi dugu, Kristo aurreko I mendean jada Nafarroan euskal hizkuntzaren idatzizko presentzia egiaztatzen baitu. Aurrekaririk ez duen eta euskararen ikerketa historikoa goitik behera aldatuko duen gertaera honek balio ukaezina ematen dio euskarari gure gizarteko altxor kultural eta ezinbesteko ondare moduan. GEROA BAIk harrotasunez aldarrikatzen duen ondarea, batasunerako elementu izan behar duela ulertuz, inoiz ez konfrontaziorako, bai eta bizikidetzarako hizkuntza moduan eta etorkizunera lotua.

 

Izena eman gure buletina jasotzeko